BILBO 21 Nov. (EUROPA PRESS) -
Miren Azkarate Kultura sailburuak eta bozeramaileak ordezkatuko du Eusko Jaurlaritza, azaroaren 25ean, Bartzelonako Udalak eta Carles Pi i Sunyer Fundazioak antolatutako "Barcelona 1938. Capital de tres governs" bertan egoitza izan zuten hiru gobernuei egindako omenaldi instituzionalean. Honen bitartez, eta 70. urteurrenean, Bartzelonak eta Kataluniak garaian Estatuko legezko hiru gobernuen -Kataluniako Generalitat, Eusko Jaurlaritza eta Errepublikako Gobernua- hiriburu izan zen garaia gogora ekarriko da.
Eusko Jaurlaritzatik gogoratu dutenez, Euskadi galduta, Errepublikaren kontra altxatutako armada matxinatuaren esku erori ondoren, Jose Antonio Agirre buru zuen Eusko Jaurlaritzak bere egoitza nagusia Bartzelonan kokatu zuen. Erabakia Eusko Jaurlaritzak 1937ko urriaren 18an Kataluniako hiriburuan izandako bileran hartu zuen eta handik bi astera Errepublikako Gobernuak erabaki bera hartu zuen.
Jaurlaritzarekin batera ia 100.000 euskal herritar errefuxiaturik ziren Katalunian, eta hasieran Generalitateak eta Jaurlaritzak Bartzelonan zuen ordezkaritza nagusiak hartu zituen; ondoren, Eusko Jaurlaritzak bere egitura hedatu zuen eta ogasuna, elikadura, osasuna, hezkuntza, justizia, kultura eta defentsa alorrak kudeatu zituen zuzenean.
Eusko Jaurlaritza Kataluniaren galera gertatu arte egon zen han; 1939ko otsailaren 5ean Agirrek eta Lluis Companys Katalauniako presidenteak elkarrekin Llill mendi lepoko mugatik irten ziren Kataluniatik eta beraiekin batera milaka herritar erbeste bidean.
Bartzelonako Udalak, Carles Pi i Sunyer Fundazioak eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoaren Centre d'Estudis de les Epoques Franquista i Democratica-k antolatuta, egun hauetan burutzen ari da, historialari eta adituen parte-hartzearekin, "Barcelona, 1938. Capital de tres governs. Política i cultura" biltzarra.
Biltzarraren amaiera gisa, Bartzelonako Udalak, Jordi Hereu alkateak aginduta, amaiera eta omenaldi ekitaldia antolatu du datorren astearterako, azaroaren 25erako, Bartzelonako udaletxeko areto nagusian.
Amaiera ekitaldi instituzional hori Bartzelonako Udalak eta Carles Pi i Sunyer Fundazioak antolatu dute elkarrekin eta, beraien hitzetan, "ekitaldia Udalaren gobernuak Bartzelonan 1938an egoitza izan zuten hiru gobernuei egiten dien omenaldi gisa antolatu da. Hiru gobernuak legalitate demokratikoa eta Errepublika ordezkatzen baitzuten eta ekitaldiak, halaber, biltzarraren balantzea aurkezteko parada emango du eta egungo gizarte eta jendeari garai zail eta latz haiek gogora ekartzeko balioko du".