Aviso: Esta noticia tiene más de un año. Última actualización: 09/03/2010 13:49
Eusko Jaurlaritzak enplegu-erregulaziorako 256 espediente ebatzi zituen joan den otsailean. Horietatik guztietatik 247 baimendu zituen, bi ukatu eta zazpi espedientetan atzera egin zuten eskatzaileek, Eusko Jaurlaritzako iturriek gaur jakinarazi dutenez.
Baimendutako 247 espedienteetatik 46 ezinbesteko espedienteak izan ziren (gehienak arrantzaren sektorekoak). Beste 89, berritutako espedienteak izan ziren, hau da, bigarren espedienteak. Horrela, 112 espediente baimendu ziren lehenengo aldiz, hots, 2009ko otsailean (214 espediente) baino %48 gutxiago.
Joan den otsailean baimendutako espedienteetan 4.782 langile zeuden; horietatik, 654 ezinbesteko espedienteetan sartuta zeuden, eta 2.829 bigarren espedienteetan. Horrela, lehenengo espedienteetan 1.229 langile zuden, 2009ko otsailean (10.899) baino %88 gutxiago. Iazko otsailean enpresa handietako zenbait espediente baimendu ziren, adibidez Gasteizko Mercedesekoa.
Aurtengo otsailean baimendutako 247 espedienteetatik 234 lan-kontratua etetekoak izan ziren (4.457 langile), sei lanaldia murriztekoak (57 langile) eta zazpi kontratu-amaierakoak (268 langile). Enpresako zuzendaritzaren eta enpresa batzordearen adostasunarekin baimendutako espedienteak 180 izan ziren, hau da, espedienteen %90 adostuak izan ziren. Adostasunik gabe, ordea, 21 espediente baimendu ziren (19 etenaldikoak eta bi kontratu-amaierakoak). Baimendutako espedienteen %89 eskari eta ekoizpenaren murrizketan oinarritu ziren.
2010eko otsailaren 28an 1.378 espediente aktibo zeuden. 2009ko urtarriletik 937 enpresa atera dira enplegu-erregulazioko espedienteren batetik, eta 27.548 langile itzuli dira lanpostura enplegu-erregulazioko espedienteren bat amaitu ondoren.
Orain 31.149 langile daude etenaldiko edo lanaldi-murrizketako espedienteren batean murgilduta. Aktibo dauden espedienteetatik, 584 enplegu-erregulazioko bigarren espedienteak dira eta 16.296 langile hartzen dituzte guztira.