EUSKADI.-Eusko Jaurlaritzak 'Euskaldunon Egunkaria'-ren auzibidea ixteko eskatu du, kazetaren itxieraren seigarren urteurrenean

Actualizado: viernes, 20 febrero 2009 11:24

BILBO, 20 Feb. (EUROPA PRESS) -

Sei urte betetzen dira gaur, itxiera prebentibo baten bitartez, 'Euskaldunon Egunkaria' eten zutenetik, eta Eusko Jaurlaritzak orduan gertatutakoa beste behin salatu eta kazetaren eta bere arduradunen aurka irekitako auzibidea itxi dadila eskatu du Gobernu Kontseiluak onarturiko eta gaur plazaraturiko adierazpen batean.

"'Euskaldunon Egunkaria'-ren auzia herri demokratiko batean inoiz gertatu behar ez zen jokamoldearen adierazpen garbia da. Itxiera prebentiboak bultzada politikoa izan zuen oinarrian, Gobernuak fiskaltzaren bitartez eragin dezakeen baino indar handiagokoa eta funtsik gabekoa, akusazio hutsetan oinarritutako epairik gabeko kondena", kritikatu du Jaurlaritzak.

Bere iritziz, "justiziaz kanpoko aurreiritzietatik" jokatu zen, eta ez bakarrik pertsonen aurka, "baita egunkari baten kontra ere, hasieratik erruduntzat joz".

Eusko Jaurlaritzak salatu du 'Euskaldunon Egunkaria'-ren behin behineko itxieraren bitartez, "hedabide oso bat erruduntzat jo zen, nahiz eta herri demokratikoetan prentsaren aurkako edozein auzibideri ekiteko froga sendoak eta epai eta erabaki finkoak ezinbestekoak izan".

"Begi bistakoa da, hemen, hedabide baten aurka ekiteko ez zela Espainiako Konstituzioak aurreikusten duen bidea erabili, aldiz, itxiera eta ekintza 'terrorismoari laguntza ematearen' lauso legalaren aitzakiarekin gauzatu ziren", nabarmendu du.

Modu honetan, aginte judizialari zor zaion errespetu osotik, 'Euskaldunon Egunkaria'-ren aurka zabaldutako auzibidea bertan behera uztea eta artxibatzea eskatu du beste behin Jaurlaritzak. "Izan ere, bertan behera uzte horrek, legearen aplikazio zuzena izateaz gain, inoiz gertatu behar ez zen bultzada politiko baten ondorioz zabaldutako auzia zuzentzea bailekarke", ziurtatu du.