Aviso: Esta noticia tiene más de un año. Última actualización: 10/03/2010 11:40
Eusko Jaurlaritzak Merkataritza Bikaina proiektua aurkeztu du gaur, merkataritza-sektorerako kalitate-ziurtagiri bat bultzatzeko asmoz. Une honetan indarrean dagoena baino kalitate-maila handiagoa izango du ziurtagiri berriak.
Orain arte, saltokiek UNE 175.001 oinarrizko ziurtagiria egiteko aukera izan dute, bezeroaren arretari loturik. Ondorengo bikaintasun-mailak Zilarrezko Q eta Urrezko Q dira, eta horiek lortzeko oso baldintza zorrotzak bete behar dira.
Eusko Jaurlaritza, sektorean kalitatea sustatzeko eta bikaintasuna lortzeko ahaleginean, bitarteko ziurtagiri berri bat sortu du. Merkataritza eta Turismoko sailburuorde Pilar Zorrillak eta Merkataritzako zuzendari Maite Valmasedak proiektua aurkeztu dute gaur.
2007. urtearen erdialdean, Eusko Jaurlaritzak bat egin zuen Espainiako Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioak abian jarritako ekimenarekin, eta, horren ildotik, merkataritza-sektorearen eskura laguntza-ildo bat jarri zuen bezeroaren arretarako UNE 175.001 ziurtagiria lortzeko. Laguntza-ildo hori kudeatzeko, Euskaliten eta zenbait erakunde traktoreren -Euskomer eta merkataritza ganberak-laguntza izan du.
Programa bi urte eta erdian egon da indarrean Euskadin, eta "emaitza positiboa izan da benetan". Guztira 1.274 saltoki aurkeztu ziren programara, eta gaur egun, 2009KO amaierara arte, 1.176 saltokik lortu dute UNE 175.001 arauari loturiko ziurtagiria. Hala, prozesua hasi duten saltokien %92k lortu du Q Merkalitatea ziurtagiria.
Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko Sailak "oso balioespen positiboa" egin du programaren inguruan, areago kontuan hartuta sektoreak ezin hobeto erantzun duela. 2010ean ere, ziurtagiriak jarraituko du saltokiei kalitatearen kontzeptuan sartzeko aukera ematen.
"BESTE URRATS BAT"
Nolanahi ere, Eusko Jaurlaritzak "beste urrats bat" egin nahi du, Merkataritza eta Turismoko sailburuorde Pilar Zorrillak azaldu duenez. "Gure ustez, aurrera egin behar dugu gure merkataritzak bikaintasunerako bidea har dezan, hau da, negozioaren eremu guztiak etengabe hobe ditzan", adierazi du.
Horretarako, proiektuak, lehenik eta behin, erreferentziazko esparru bat zehaztu eta garatu du merkataritzarako, Europako kalitate-eredua edo EFQM oinarritzat hartuta. Izan ere, hutsune handia zegoen ziurtatze-maila oinarrizkoenaren -UNE 175.001 araua, EFQM bikaintasun-ereduaren 100 puntu lortzearen parekoa- eta maila gorenen artean, Zilarrezko Q eta Urrezko Q ezagunei dagozkienak (400 eta 500 puntu, hurrenez hurren).
Proiektu hori abian jartzeko, bitarteko mailaren 200 eta 300 puntuak lortzeko eredua zehaztu eta garatu behar izan da (bikaintasuna lortzeko, 300 puntu behar dira gutxienez). Hala, 200 puntuko eskalan, Eusko Jaurlaritzak "Q bikaintasuna helburu" ziurtagiria sortu du, eta 300 puntuko kotan, berriz, "Brontzezko Q" ziurtagiria. Eredua zehazteko, Eusko Jaurlaritzak elkarlanean jardun du Euskalitekin eta zenbait erakunde traktorerekin -Euskomer eta ganberak-.
Bitarteko maila hori ezartzea "urrats handia da", merkataritzak enpresen, gizartearen eta erakundeen onespena jaso ahal izango duelako 100 puntu gehiago lortzen dituen bakoitzean, "eta hori motibazio nahikoa izango da sektorearentzat bikaintasunaren bideari ekiteko, areago oraindik kontuan hartzen badugu sektorea oso atomizatuta dagoela, batez beste 2,6 langilek jarduten baitute saltoki bakoitzean".
Eusko Jaurlaritzak bost alderdi landuko ditu bereziki: estrategia eta planak, pertsonak, bezeroak, prozesuak eta emaitzak. Gainera, saltokiek proiektuarekin bat egin dezaten errazteko, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak diru-laguntza bat jarriko du abian, "merkataritza bikaina" ziurtagiria lortzeko prozesuarekin zerikusia duten gastuen %90 estaliko duena.
Jaurlaritzak helburu jakin batzuk lortu nahi ditu proiektu horrekin. Batetik, UNE arauaren ziurtagiria duen merkataritzaren %20k enpresa-bikaintasunerako etengabeko hobekuntzako prozesua hastea. Horrek esan nahi du 250 saltokik egin beharko dutela bat proiektuarekin. Bestetik, Sailak espero du 250 saltoki horietatik 50ek, gutxi gorabehera (%20), beste maila bat hobetzea, eta, horrekin batera, beste zenbait saltoki erakartzea.