EUSKADI.-Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak alerta laranja ezarri du biharko haizeagatik

Actualizado: miércoles, 24 febrero 2010 18:34

BILBO, 24 Feb. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak alerta laranja ezarri du biharko haizea dela eta. Izan ere, haize boladek 120 km/o-ko abiadura har lezakete bihar hainbat tokitan. Gainera, itsasaldeko arriskua dela-eta gaur arratsalderako abiatutako alerta laranjari eutsi diote, bost metrotik gorako olatuak egon baitaitezke. Udalek, larrialdi zerbitzuek eta zerbitzu publikoek alerta egoeran jarraitzen dute eta abisuak jasotzen ari dira SOS Deiak-en bidez.

Euskalmet Meteorologiaren Euskal Agentziak egindako iragarpenaren arabera, biharko 3:00etatik 15:00etara deitu dute alerta laranja, ordu tarte horretan hego-mendebaldeko haize ufadek 120 km/o-ko abiadura hartuko baitute haizegunetan eta 100km/o-koa haizeguneak ez diren tokietan. Gainerako orduetarako alerta laranja ezarri dute, 80-100 km/o inguruko haize boladak espero baitira, zonalde bakoitzaren arabera.

Bestalde, atzo jakinarazi bezala, Herrizaingo Sailak eutsi egin dio itsasaldeko arriskuagatik gaur arratsalderako ezarritako alerta laranjari, bost metrotik gorako olatuak espero baitira.

SOS Deiak Larrialdiak Koordinatzeko Zentroaren bidez, Herrizaingo Sailak beharrezko abisuak helarazten jarraitzen du udalei, larrialdi zerbitzuei eta EAEn zerbitzu publikoa eskaintzen duten enpresei, beharrezko prebentzio neurriak har ditzaten. Komunikatuok larrialdi egoera baten aurrean jarraitu beharreko aholku eta jarraibide batzuk dakartzate.