BILBO 31 Dic. (EUROPA PRESS) -
Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herri Lan Sailaren esku dagoen EuskoTren sozietate publikoak eskaintzen dituen tren, tranbia eta funikular zerbitzuen tarifa berriak bihar sartuko dira indarrean, legea betez, tarifa berri horiek Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta gero. Tarifen batez besteko igoera %3,91koa izango da.
Tarifak, Euskadiko Administrazio Publikoak, sindikatuek eta kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteek eratutako Euskadiko Prezioen Batzordeak baimendu ditu, EuskoTreneko iturriek jakinarazi dutenez.
Horrela, bihartik aurrera tarifa berriak izango dituzten EuskoTrenen eta EuskoTranen lineak honakoak izango dira: Deustu-Lezama (Txorierri); Bilbo-Donostia; Bilbo-Bermeo (Urdaibai);
Lasarte Oria-Hendaia (Topoa); Larreinetako Funikularra; Bilboko tranbia (EuskoTran).
EuskoTrenen tarifa politikaren irizpideak konpainiaren programa estrategikoan oinarritzen dira. Programa horrek garapen iraunkorra sustatzea bilatzen du, gizarteak garraio publikoarekin izan behar duen konpromisoaren eta ekologiaren ikuspegitik arduratsuak izango diren ohituren ezarpenaren bitartez.
Informazio gehiago behar duten pertsonek prezio berriak kontsulta ditzakete geltokietan eta geralekuetan, Bezeroen Arretarako Bulegoetan (Atxuriko eta Amarako BAT-OAC), 902 54 32 10 telefono zenbakian eta www.euskotren.es eta www.euskotran.es webguneetan.