EUSKADI.-Ezkontzatik kanpo 5.568 haur jaio ziren 2007an EAEn, aurreko urtean baino %24,7 gehiago

Actualizado: martes, 10 marzo 2009 11:49

BILBO, 10 Mar. (EUROPA PRESS) -

Ezkontzatik kanpo jaiotako haurrak 5.568 izan ziren 2007an Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), urte horretako jaiotza guztien %27 eta 2006an baino %24,7 gehiago. Arabak eta Bizkaiak EAEk baino ehuneko handiagoak izan zituzten, %27,3 eta %28, hurrenez hurren; Gipuzkoak, berriz, balio erlatibo txikiagoak (%25,5). Azken 17 urteetan guraso ezkongabeen haurren ehunekoa ia laukoiztu egin da, 1990ean %7,7 baitzen, Eustatek landutako datuen arabera.

2007an, guztira, 20.596 haur jaio ziren EAEn, %2,8ko hazkundea izanik 2006aren aldean; hazkunde hau, gainera, 2005 eta 2006 artean izandakoa (%1,7) baino handiagoa izan zen. Araban izan zen gehikuntzarik handiena (%3,7), eta ondoren Bizkaian (%3,3) eta Gipuzkoan (%1,6).

Jaiotzak mila biztanleko 9,7 izan ziren, 1960ko hamarkadako milako 20 haietatik oso urruti. Kopururik handiena Gipuzkoan izan zen (milako 10,5), eta ondoren Araban (milako 10) eta Bizkaian (milako 9,1).

Eustaten arabera, 1976tik aurrera, jaiotzek beheranzko joera nabarmena izan zuten; joera hori, dena dela, moteldu egin zen 1980ko hamarkadaren amaieran, eta 1994an heldu zen mailarik apalenera. 2007ko zifrek berretsi egin dute 1995ean abiatutako jaiotza tasen goraldia.

2007. urtean haurren bat izandako emakumeen %76,3k 30 urte edo gehiago zituen. Talderik ugariena 30 eta 34 urte bitarteko emakumeena izan zen, jaiotza guztien %44,7 eman baitzuten. Bestalde, 2006. urtearekin alderatuta, handitu egin zen 35 urtetik gorako amen taldea (%31,6), eta berriz ere 25-29koena (%17,1) baino dezente handiagoa izan zen. Amen batez besteko adina 32,2 urtekoa izan zen, eta lehenengo haurra izan zutenena, berriz, 31,2 urtekoa, 2006koen antzeko zifrak alegia. 25 urte baino gutxiagoko amen kopuruak gora egin zuen, etorkinei esker, eta guztien ia %6 izan zen.

Azken hamar urteetan, 25-34 urte bitarteko taldeak pisua galdu du, batez ere 25 eta 29 urte artekoena, 6,7 ehuneko-puntu galdu baititu. Aitzitik, 9,5 puntu baino gehiago gehitu da 35 urte edo gehiagoko amen taldea.

Jaiotza ordenari begiratuz gero, 2007. urtean lehenengo haurrak %57,5 izan ziren, aurreko urtean gertatuaren antzera. Hirugarren eta ondorengo seme-alabak, ordea, %7,3 izan ziren, 2006koaren aldean ehuneko puntu erdia baino pittin bat gehiago.

Erditzeak 20.153 izan ziren: horietatik 19.641, bakunak; 496, bikoitzak; eta 16, hirukoitzak. Bestalde, 100 alabako 107 seme jaio ziren, eta batez beste, 3.299 gramoko pisua izan zuten mutikoek, eta 3.174 gramokoa neskatoek.