EUSKADI.-Farmazia batean labana batekin lapurtzen saiatu den gizon bat atxilotu dute Bilbon

Actualizado: miércoles, 3 marzo 2010 12:59

BILBO, 3 Mar. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek gizonezko bat atxilotu zuten atzo Bilbo indarkeria erabiliz egindako lapurreta delitu bat egotzita, Zazpi Kaleetako botika batean lapurreta egiteagatik. Atzemandakoak farmaziako langileak eta jabea labana batekin beldurrarazi zituen eta 500 euro emateko agindu zien. Lapurraren deskuidu batez baliatuta, jabeak dirua hartu eta botikatik alde egitea lortu zuen. Gizonezkoa biktimaren atzetik joan zen, baina kalean Ertzaintzaren patruila batekin egin zuen topo eta ertzainek atxilotu egin zuten.

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailaren arabera, gertakaria atzo eguerdian jazo zen, 12:30etan, Bilboko Zazpi Kaleetatik zihoan Ertzaintzaren patruila batek emakumezko bat ikusi zuenean farmazia batetik korrika irteten ari zela, atzetik hari segika zihoan gizon batek labana batekin mehatxu egiten zion bitartean. Segituan, ertzainek gizonezkoa geldiarazi zuten eta labana kendu zioten. Hala, atzemandakoak minutu batzuk lehenago biktimaren farmazian lapurreta egin omen zuela jakin zuten agenteek.

Biktimak salatu zuenez, gizonezkoa denbora apur bat lehenago sartu zen establezimenduan, barruan bezerorik ez zegoenean. Salmahaira zuzendu ostean, txamarraz aurpegia erdi estali eta labana bat atera zuen, langileak eta jabea beldurrarazteko. 500 euro emateko agindu zien eta arma jabearen saihetsean jarri zuen.

Emakumeak bildutako diruaren parte bat ematea onartu zuen, baina lapurraren deskuidu batez baliatu zen eta farmaziatik alde egitea lortu zuen. Gizonezkoa haren atzetik joan zen, baina kalean Ertzaintzaren patruila batekin egin zuen topo eta ertzainek atxilotu egin zuten.

Atxilotua (polizia-aurrekariak dituen 50 urteko gizon bat) ertzainetxera eraman zuten dagozkion eginbideak burutzeko eta, datozen orduotan, epailearen esku geratuko da.