BILBO 20 Nov. (EUROPPA PRESS) -
Bilbo Hiria-Blas de Otero Poesiako I. Sarien euskarazko eta gaztelerazko sariak banatu dira gaur, eta Fertxu Izquierdo nafarra eta Jose Antonio Ramirez extremadurarra izan dira irabazleak, hurrenez hurren. Saritutako obren kalitatea ez ezik, parte-hartze ona eta era askotarikoa azpimarratu ditu epaimahaiak, lehiaketara aurkeztu diren 150 obren artean. Iñaki Azkuna Bilboko alkateak gaur goizean eman ditu sariak udaletxeko Arabiar Aretoan.
Euskarazko modalitateko epaimahaian, Jon Kortazar Euskal Literaturako katedraduna, idazlea eta literatur kritikaria eta Miren Agur Meabe filologoa eta euskal poeta izan dira. Saria Fertxu Izquierdo iruindarraren "Telebista antenetan atsedena hartzen dute txoriek" lanak irabazi du.
Poema-bilduma horretan, "ñabardura surrealista oso landuak dituzten irudien aberastasuna" baloratu du epaimahaiak. Eguneroko bizitzan murgildutako lana da, hau da, kalea eta gizartea, gerraren memoria, munduko zenbait gatazka politiko edo denboraren joan-etorria bezalako gaiak jorratuko ditu.
Fertxu Izquierdo Jimenezek (Iruña, 1975) "Gerratearen aztarnak" poema-bilduma eta "Mendeko borroka (Erromari erasoa)" nobela argitaratu ditu, Joseba Sarrionaindiaren irudiaren inguruko literatur ikerketa-lan batekin batera. Bestalde, hainbat sari irabazi ditu poesian, narratiban eta kazetaritzan, besteak beste, Iruñeko Udalaren Egile Berriarena, Atarrabiako Udalaren Atarrabiako Pedro edota Gaztezulo aldizkariko Xelebre Press saria.
Gaztelerazko modalitatean, aldiz, Sabina De la Cruzekin batera (Blas de Oteroren alarguna, literatura sari hau poetari zuzendua dago), José Fernandez De la Sota, Clara Janes eta Javier Lostale idazleek osatu dute epaimahaia. Lehendabizi, 18 obra hautatu dituzte, hain kalitate bikainarengatik, eta, ondoren, "Deuda de sal" liburua saritzea erabaki dute aho batez.
Poema-bilduma hori "bizitzaren inguruko gogoeta lasaia da, bizitzaren larritasun eta itzalen ingurukoa baina baita dohainei buruzkoa ere; gainera, batzuetan tonu metafisikoa du, eta domeinu metriko handia".
Jose Antonio Ramirez Lozano (Nogales, Extremadura, 1950) filologo, poeta eta narratzailea da egilea. 50 obratik gora argitaratu ditu eta sari ugari irabazi ere, bai poesiaren arloan, bai eta narratiban ere. Haur eta gazteen literatura ere jorratu du.
Bilbo Hiria-Blas de Otero I. Poesia Saria Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren eta Blas de Otero Fundazioaren ekimena izan da. Fundazioak kudeatzen du Bilboko poetaren ondarea. Lehiaketaren helburua da literatur sormena sustatzea eta Bilboko auzotarrei hango egilerik nabarmenenetarikoa gerturatzea.
Modalitate bakoitzean 6.600 euro eskaintzen dira. Lehenengo edizio honetan aurkeztutako obren kalitatea ikusita, epaimahaiak adierazi du Blas de Otero Saria "Estatu mailako erreferentziazko sari poetikoetariko bat izan daitekeela".