EUSKADI.-Gasteizen auto batean lapurtzeagatik atxilotu zituzten hiru gizonetatik bi espetxeratu dituzte

Actualizado: viernes, 17 julio 2009 14:49

GASTEIZ, 17 Jul. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek 21, 23 eta 27 urteko hiru gizonezko atxilotu zituzten atzo goizaldean Gasteizen, bide publikoan aparkatuta zegoen auto batean lapurtzeagatik. Epailearen esku jarri ondoren, atxilotuetako bi espetxeratu egin dituzte, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak gaur jakinarazi duenez.

Atzo goizaldean, 00:45 aldera, Gasteizko Judimendi etorbidean zegoen auto batean lapurreta egin omen zutela jakin zuen Ertzaintzak. Patruila batek autoaren leiho bat manipulatuta eta autoaren barrualdea nahasita zeudela egiaztatu ondoren, agenteek ustezko egileen deskribapen fisikoekin bat egiten zuten hiru gizon ikusi zituzten autotik gertu. Autoaren jabeak adierazi zuenaren arabera, batek autotik ostu zituen eguzkitako betaurreko batzuk zituen aldean. Maletategian torlojuz lotuta zegoen CD kargadore bat ere ostu nahi izan omen zuten.

Hirurak atxilotu zituzten indarkeriaz egindako lapurreta delitua egotzita. Atzo arratsaldean, epaitegira eraman zituzten, eta horietako bi espetxeratzea ebatzi zuen epaileak. 21 eta 27 urteko gizonezko horiek aurretik ere atxilotu izan dituzte, jabetzaren kontrako ekintzak eta indarkeriaz egindako lapurretak egin izana leporatuta; gazteena lau aldiz atxilotu dute lehenago, eta bestea, bost aldiz.