EUSKADI.-Gasteizen saldutako turismo-zerbitzuen multzoek %5 gora egin dute Jazzaldian zehar

Actualizado: viernes, 17 julio 2009 15:18

GASTEIZ, 17 Jul. (EUROPA PRESS) -

Gasteizko 33. Nazioarteko Jazzaldiari lotutako turismo-sorten eskaintza "arrakastatsua izan da oso", eta aste honetan zehar turismo-paketeen salmentak %5 egin du gora. Zerbitzu-multzo horietan gaua emateko hotelak zein programa ofizialeko kontzertuetara joateko sarrerak eskaini dira, Eusko Jaurlaritzako Industria eta Berrikuntza Saileko iturriek gaur jakinarazi dutenez.

Eskaintza horiek erosi dituzten pertsonak, gehienbat, Madril eta Kataluniaik etorri dira. Beste herrialdeetako bisitariei dagokionez, kopuruak behera egin badu ere, aurreko urteetako erritmoaren parean ibili da. Nolanahi ere atzerriko zaleen gehiengoa Frantziatik etorri da.

Aurten, 11 hotel gehiago sartu dira ekimen horretan, eskaintza interesgarriak izanik. Eskaintza horien prezioaren barruan honako zerbitzu hauek eskaintzen ziren: Mendizorrotzako kiroldegiko kontzertuetarako sarrerak (egun bakarrerako zein sei egunetarako) eta turismo ibilaldia hirian zehar Santa Maria katedralera eta Erdi Aroko harresira bisita eginez.

Horiekin batera, museoetarako sarrera (Bibat -Arkeologia eta Kartak- eta Artium) eta informazio-karpeta bat (gida, planoa, turismo baliabideak, Arabar Errioxako bisitei eta jatetxeei buruzko argibideak eta abar) ere eskaintzen ziren.

Ekonomiak, orokorrean, eta turismo-sektoreak, bereziki, krisialdia pairatzen ari diren une honetan, "azpimarragarria da hotel-establezimenduek eta Eusko Jaurlaritzak Turismo Sailburuordetzaren bitartez egindako ahalegina Gasteizko Jazzaldira kanpotik etorritako entzuleak gero eta gehiago izan daitezen", adierazi dute.