EUSKADI.-Gasteizko 30 bat trastelekutan lapurretak egin dituzten pertsonak atxilotu dituzte

Actualizado: jueves, 25 febrero 2010 16:40

GASTEIZ, 25 Feb. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek Gasteizko Arantzabal eremuko 30 bat trastelekutan lapurretak egin dituzten pertsonak atxilotu dituzte. Azken hilabeteotan Gasteizko auzo batzuetako zenbait trastelekutan egindako lapurreta gehienak leporatu dizkiete atxilotuei, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saileko iturriek gaur jakinarazi dutenez.

Joan den larunbatean, Arantzabal eremuko eraikin bateko trastelekuetan lapurtu zutela jakin zuen Ertzaintzak. Agenteek egindako miaketan baieztatu ahal izan zuten guztira 28 trasteleku zabaldu zituztela indarra erabiliz. Lapurrek eta likorea (200 bat botila), kirol-materiala (eskiak, snowboard-eko taula, bizikletak, erraketak, motxilak...) eta beste gauza batzuk lapurtu zituzten.

Gasteizko ertzainetxeko zenbait agente azken hilabeteotan mota horretako delituak ikertzen ari ziren eta gertakari berri hura ere ikertzeari ekin zioten. Lan horri esker, lapurreta horien egileak identifikatu zituzten: 21 urteko bi gazte eta 20 urteko beste bat.

Agenteek ondorioztatu ahal izan dutenez, atxilotuak Laskarai kaleko atari batetik sartu ziren garajeetara. Ondoren trastelekuetara joan ziren eta, ahuntz-hanka baten bidez, sarrailak indarrez zabaldu zituzten. Trastelekuetako batean, garajeko atea zabaltzen zuen urrutiko aginte bat aurkitu zuten; horri esker, ibilgailu bat sartu ahal izan zuten barruan, lapurtutako materiala zamatzeko.

Ostutako ondasun gehienak berreskuratu ditu Ertzaintzak, atxilotutakoen etxeetan egindako miaketei esker. Lapurtutako botila ardo batzuk herritar bati saldu zizkioten, lapurtu zituzten egun berean. Botila horiek ere berreskuratu dituzte eta jabeari itzuli dizkiote.

Atxilotuei 2010ean zenbait trastelekutan egindako lapurreta batzuk leporatzen dizkiete, hain zuzen, Gurutze Gorriaren ibilbidea, Salburua Bulebarra, San Antonio eta Gorbeia kaleetako trastelekutan egindakoak. Lapurreta horietan ostutako objektuetako batzuk ere berreskuratu ahal izan dituzte, aipatu miaketetan. Atxilotuak epailearen esku utziko dituzte gaur.

Bestalde, atzo arratsaldeko 19:45ean, Gasteiz hiribideko trasteleku batzuetan lapurtu zutela jakinarazi zioten Ertzaintzari. Patruila bat deitzailearekin harremanetan jarri zen eta trastelekuetara sartu ziren. Bertan, eraikin horretan bizi ez zen emakume bat aurkitu zuten eta, honek, ez zuen azalpen argigarririk eman trasteleku horietan zer egiten zuen argitzeko.

Bost trastelekutan indarrez zabaltzen saiatu zela erakusten zuten zantzuak zeuden, baina horietako bateko atea baino ez zuen irekitzerik izan. Susmagarriaren (aurrekariak dituen 43 urteko emakume bat) aldamenean, indarrez zabaldutako trastelekutik ateratako objektu batzuk zeuden.