EUSKADI.-Gazteria, Hezkuntza, Telebista eta Plataforma Berriei buruzko II. Jardunaldia egingo da asteazkenean Bilbon

Actualizado: lunes, 16 febrero 2009 13:02

BILBO, 16 Feb. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak, Euskal Irrati Telebistak (EiTB), Pausoka zinematografia eta bideo-ekoizpenean jarduten duen enpresak eta Industria Sustapen eta Birmoldaketarako Elkarteak (SPRI), Gazteria, Hezkuntza, Telebista eta Plataforma Berriei buruzko II. Jardunaldia antolatu dute asteazken honetarako EiTBren Bilboko egoitzan, "Online iraultza: gazte logelan" goiburuarekin.

Antolatzaileek azaldu dutenez, nazioarteko hainbat adituk gazteek telebista eta teknologia berriak nola erabiltzen dituzten aztertuko dute jardunaldian zehar. Topaketak 1998an Guggenheim Bilbao Museoan egin zen aurreko edizio baten lekukoa hartzen du.

Jardunaldiaren helburu dira pantailen, telebistaren eta plataforma berrien erabilpena aztertzea; komunikabideen gaurkotasunari buruz eztabaidatzea, gazteek egiten duten erabilpenetik abiatuz; hezkuntzaren esparruan gertatzen diren komunikazio esperientziak ezagutu eta aztertzea; eta informazio eta komunikazio teknologiek eta pantailek interakzioaren gaian duten berehalako etorkizuna aztertzea.

Informazioko eta komunikazioko, irudiko eta teknologietako profesionalei, hezkuntzaren esparruko profesional eta ikasleei, Informazio eta Komunikazio Zientzietako, Irudiko eta Ingeniaritzetako ikasleeieta informazio eta komunikazio teknologia berrietako profesionalei dago zuzenduta jardunaldia.

Topaketako saioak EiTBko Bilboko egoitzako Multibox aretoan egingo dira, 9:30etatik 19:00etara, eta Tontxu Campos Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua, Bingen Zupiria ETBko zuzendaria eta Elena Gutierrez Eusko Jaurlaritzako Berrikuntzaren eta Informazio Gizartearen Elkarteko zuzendaria izango dira ekitaldia hasteko arduradunak.