BILBO 8 Feb. (EUROPA PRESS) -
Ondarroa eta Ermua herri bizkaitarretako Emakumeentzako Jabekuntza Eskolek genero indarkeria errazten duten egitura-faktoreen inguruko ikastaroa prestatu dute. Ekintza otsailaren 19an eta 20ean egingo da, 16:30etik 20:30etara eta 10:00etatik 14:00etara, hurrenez hurren, Ermuko Emakumeen Etxean. Irakaslea Maria Jesus Izquierdo Ekonomian doktoratua eta Bartzelonako Unibertsitateko Soziologia irakaslea izango da, antolatzaileek jakinarazi dutenez.
Genero bortxakeriaz jarduteko hainbat kontzepturekin "zehatzak" izatea komeni dela adierazi dute antolatzaileek, hala nola generoa, bortxa eta erasoa. Horiek argitzea "laguntza bat" izango da ulertu ahal izateko "emakumeen eta gizonen arteko sufrimenduzko istorioak".
"Bigarrenez, ulertu behar dugu eraso bat ez dela propio subjektu baten ekintza, emakumeak eta gizonak ez direlako sexismoaren aurretik jaioak berorren produktuak baizik. Batzuen zein besteen ekintzetan islatzen da sexismoa eta, era berean, ekintza horien sorburu diren desioak antolamendu sexista baten ondorioa dira", azaldu dute.
Beste alde batetik, genero-indarkeria emakumeen kontrako indarkeriaren sinonimotzat hartzen ari da azaldu dute, eta hori egitearekin batera zerbait alde batera uzten ari dela, hau da, "genero-indarkeria bada, okupatzen diren genero posizio jakin batzuei lotuta dago indarkeria hori eta, horrenbestez, erabat lotuta genero jakin bateko partaide izatearekin eta hortik sortutako harreman jakin batzuekin".
"Horrek esan nahi du genero bakoitzak berezko era batzuk dituela bortxa eta erasoa baliatzeko, eta horiek aztertzen baditugu, agerian geratuko zaigu zenbateko kaltea egiten ari den harreman-bide sexista eta patriarkala, ez emakumeei soilik, menpekotasunen bat duten pertsona guztiei eta baita gizonei ere", azaldu dute.