EUSKADI.-Gernika eta Pforzheim arteko bizikleta bidezko ibilaldi batekin ospatuko da bi herrien senidetzearen 20. urteurrena

Actualizado: lunes, 4 mayo 2009 19:26

BILBO, 4 May. (EUROPA PRESS) -

"Frieden erfahren" izenburupean (Bakea sentitu edo, hitz-jokoan, 'bakea lortzeko bidea egin'), Pforzheim herri alemanaren eta Gernika-Lumoren (Bizkaia) arteko ibilaldi bat egingo da bizikletaz abuztuaren 22tik irailaren 5era bitartean, bi udalerrien arteko senidetzea gauzatu zuen agiria sinatu zeneko 20. urteurrena ospatzeko asmoz, Gernika-Lumoko Udaletik jakinarazi dutenez.

Ekimen honen antolakuntza "Frieden erfahren" proiektuaren partaide diren Pforzheim hiriko bizikleta zaletu talde batena da. Halaber, Gernika Gogoratuz elkartearen eta Gernika-Lumoko Udalaren esku ere badago antolakuntza lana. Ekintza honen bitartez, 1988. urtean gazte talde batek egin zuen lehenengo martxan egindako ibilbidea errepikatu nahi dute. Orduko ibilaldiaren xedea senidetze izenpearen aldeko adierazpena izan zen.

Txirrindulari taldeak adiskidetasuna eta elkar ezagutza sustatu nahi ditu Europan zehar egingo den bidaia honetan. Halaber, "bakearen eta adiskidetzearen ikur bizia izan, egungo adiskidetzeak landu eta berriak sortu nahi dira". Proiektu hau Pfrozheimgo Udalak Gernika-Lumoko bonbardaketaren urteurrenera bidali zuen ordezkaritzarekin egindako bileraren zati garrantzitsua bete du.

Senidetzea egiteko prestaketak egiten ari zirenean, gazte batzuk Pforzheim eta Gernika-Lumo bitarteko ibilaldi bat egin zuten 1988an, bakearen eta adiskidetasunaren izenean. Martxa hau errepikatzeko asmoz, ordukoa egin zutenek bi udalerrien artean dauden 1.519 kilometroak berriz egin nahi dituzte hamar egunetan zehar.

Txirrindularietako batek -aurreko martxan ere parte hartu zuenak- bere usteak azalduko ditu etapa bakoitzaren ostean, akuarela eta ikatzarekin egindako artelanetan. Lan hauek, gero, Gernika-Lumon ikusgai jarriko dituzte, eta gero Pforzheimen. Alemaniako herrira heltzen direnean, hauek enkantean aterako dira eta bertan lortzen den dirua Gernika Gogoratuz elkarteari emango zaio.

Bestalde, herritarrak ahalik eta gehien inplikatzeko, interneten blog bat jarri dute informazioa jaso eta parte hartzeko. Bloga alemanez, euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez kontsulta daiteke: www.pforzheim-gernika.org.