EUSKADI.-Getxo Antzoki berria hartuko duen zuloa egiteko hondeatze lanak irailaren hasiera aldera abiatuko dituzte

Actualizado: jueves, 25 junio 2009 18:35

BILBO, 25 Jun. (EUROPA PRESS) -

Getxo Antzoki berria eraikitzeko proiektuaren lehenengo faseko lanak abuztuaren amaiera eta irailaren hasiera bitartean hasiko dira. Antzoki berria, Musika Eskola eta San Nikolas Plazako lurpeko aparkalekua hartuko duen zuloaren indusketa lanak dira lehenengo fasekoak.

Biharko ohiko udalbatzak lan horiek TECSA-EXIXA enpresa elkarteari emateko proposamenaren gainean erabakia hartuko du. Halaber, proiektua aurrera eramatea ahalbidetuko duen Hiri Antolamenduaren Plan Orokorreko xedapenaren aldaketa behin betiko onestea ere proposatuko da.

Lehenengo fase honetako lanek sei milioi euroko aurrekontua dute eta 16 hilabete inguruko iraupena. 5.000 metro koadro inguruko eremuan egingo dira lan hauek, eta helburua da Getxo Antzoki zaharrak betetzen zuen gunean, ondoko lursail birkalifikatuetan, San Nikolas Plazan, Andres Kortinako esparru batean eta bi arloen artean dagoen Basagoiti Etorbideko tartean hondeaketa egin eta lurrak hustutzea.

Getxoko Udaleko Hirigintza zinegotzi Joseba Arregik adierazi duenez, "zuloak 10 eta 15 metro arteko sakonera izango du, 1.116.000 metro kubiko lur mugituko dira, etorkizunean hiru solairuko aparkalekua eta Getxo Antzoki berria hartu ahal izateko".

Lanak hasita, aldaketak izango dira oinezkoen eta autoen joan-etorrietan. Izan ere, Arregiren esanetan, oinezkoentzako bidea ez da etengo Basagoitiko Etorbidean, pasabidea ipiniko dutelako zuloaren gainetik -Telefonicaren egoitzatik elizara arteko tartean-. Zirkulazioari dagokionez, noranzkoa aldatuko da Andres Kortina kalean.

Lehenengo fasearen ondotik etorriko dira bigarren fasea San Nikolas Plaza azpian, Andres Kortina kaletik (Algortako Etorbideko kantoian) sarrera izango duen aparkalekua egiteko; hirugarrena, antzokia bera altxatzeko eta laugarrena plaza eta inguruak txukuntzeko azken ikutuak emateko.

Arregik aipatu du inguruko auzokideekin bilduko direla lanak zelan egingo dituzten eta une oro zelan dauden azaltzeko asmoz. "Ahal dugun neurrian, laneek eurei eragingo dizkieten trabak arintzen ahaleginduko gara, garrantzitsuak izango baitira, batez ere, lehen bi faseetan", azaldu du Agirrek.