EUSKADI.-"Getxo Bizi" ekimenak 669 bizikleta utzi ditu maileguan martxan egon den lehenengo bi asteetan

Actualizado: jueves, 28 mayo 2009 14:00

BILBO, 28 May. (EUROPA PRESS) -

"Getxo Bizi" ekimenak "oso harrera ona" izan du martxan egon den lehenengo bi asteetan, Getxoko Udaleko (Bizkaia) Ingurumen arloko zinegotzi Keltse Eigurenek gaur adierazi duenez, eta guztira, 669 bizikleta utzi ditu maileguan.

Eigurenen arabera, datu bereziki onak dira Bizkaian dagoen mailegu automatizatuko lehenbiziko zerbitzua dela kontuan hartzen bada. "Automatizatua izateak zerbitzuaren erabilgarritasun handiagoa suposatzen du, baina baita erabiltzailearen inplikazio handiagoa, bera baita bizikleta hartzeko teknologia erabili behar duena eta ezarritako guneetan utzi behar duena", esan du.

Zerbitzuaren berezitasuna da pertsonak ezin duela ordu bat baino gehiago bizikleta erabili mailegu bakoitzean, eta bereziki ezarritako gunetan utzi behar duela beste pertsona batek hartu ahal izateko. Halere, nahi beste aldiz har dezake bizikleta, baina aurrekoa utzi duenetik 15 minutu pasa eta gero.

Orain lau mailegu-gune martxan daude Getxon: Areetako Geltokiko plaza, Fadura kiroldegia, Bizkaiko Zubia eta Ereagako hondartza. Guztira 32 bizikleta daude eskuragarri. Gune bakoitzean berehala erabiltzeko bizikletak daude, bai eta, behin erabili eta gero, bertan uzteko lekua ere. Gainontzeko mailegu-gune guztiak, guztira 12 izan arte, apurka jarriko dira martxan.

Urteko egun guztietan erabili ahal izango dira, 7:30etatik 21:00ak arte, eta zerbitzua erabiltzeko prezioa urteko hamar eurokoa da Getxon erroldatuta daudenentzat eta 20 eurokoa kanpotarrentzat. Bizikleta aldian aldian erabiltzeko prezioa, berriz, bi eurokoa izango da.