EUSKADI.-Getxoko Andres Isasi Musika Eskolak 4 eta 12 urte arteko umeei zuzenduriko "Opor Musikalak" antolatu ditu

Actualizado: miércoles, 20 mayo 2009 15:39

BILBO, 20 May. (EUROPA PRESS) -

Getxoko Andres Isasi Musika Eskolak "Opor Musikalak" eskainiko ditu uztailaren 6tik 17ra bitartean, 4 eta 12 urte bitarteko ikasleek beren adierazpen artistikoa garatu dezaten musikarekin jolastuz. Irakasle kualifikatuek jolasak, antzezpenak, abestiak edo dantza bezalako baliabideak erabiliko dituzte musikaren mundua eta arte eszenikoak gazteei hurbiltzeko, era atseginean eta dibertigarrian.

Koldo Iturbe Getxoko Udaleko Kultura zinegotziak adierazi duenez, "opor musikalak dira Getxoko Udaletik udan bertoko umeentzako egiten den eskaintza zabalaren beste aukera bat". Ekimenak euskaraz eta gazteleraz izango dira, astelehenetik ostiralera, 9:30etatik 13:30ak arte.

Bestalde, Andres Isasi Udal Musika Eskolako ordezkaria den Ane Pereirak gogoratu du, besteak beste, soinketa eta adierazpena, dantzak eta koreografiak, ahotsa eta talde kantua landuko direla era ludikoan. "Izan ere, arte eszenikoetan heziketa entretenigarria izango da", gaineratu du.

Musika Eskolak ehun bat leku eskainiko ditu ekitaldi honetarako, eta bertan, umeek, gehienez 15 pertsonez osatutako taldetan, lan egingo dute. Hamabostaldiaren prezioa 115 eurokoa da pertsonako (anai-arrebek izena ematen badute deskontuak egongo dira). Azken egunean kontzertua egongo da eta bertan, parte-hartzaileei diploma bana emango diete. Izena emateko epea ekainaren 12ra arte izango da zabalik. Izen-emate orria, diru sarreraren ordainagiria, Osakidetzako txartela eta argazki bat eman beharko dituzte parte-hartzaileek.