EUSKADI.-Getxoko (Bizkaia) kontzertu klasikoek 25. urteurrena beteko urte aurten, nazioarteko talde ospetsuen partaidetzarekin

Actualizado: jueves, 11 febrero 2010 14:25

BILBO, 11 Feb. (EUROPA PRESS) -

Getxoko (Bizkaia) Kontzertu Klasikoak zikloak 25. urteurrena ospatuko du datorren astean. Urtemuga dela eta, nazioarteko talde ospetsuak ariko dira zikloan eta, horiez gain, artista gazteak ere jardungo dira. Otsailaren 16tik 20ra arte bost saio egongo dira Areetako Andres Isasi Musika eskolan, otsailaren 19an izan ezik, egun horretako kontzertua Algortako El Redentor elizan izango baita. Saio guztiak 20:00etan hasiko dira, Getxoko Kultur Etxeko iturriek gaur jakinarazi dutenez.

Otsailaren 16an, nazioartean ganbera-talderik onenetakoaren ekitaldia izango da, The Schubert Ensemble of London taldearena, hain zuzen ere. 25 urtetik gorako ibilbidearekin, boskoteak mundu osoan zehar eskaini ditu kontzertuak eta bere diskoek hainbat sari lortu dituzte. Getxon, Hummel, Brahms eta Schubert konpositoreen piezez osatutako programa eskainiko dute.

Hurrengo egunean, Innova Ensemble haizezko boskotea izango da protagonista, 2008an izen bereko taldearen baitan eratutako talde gaztea, ganbera-musika zabaltzera dedikatzen dena eta musika garaikidearekiko interes berezia duena. Taldekideek Bartzelonako Gran Teatre del Liceu Antzokiko Akademiaren Orkestran ezagutu zuten elkar eta Espainian nahiz handik kanpo ospetsuak diren orkestratan hartu dute parte.

Zikloaren erdialdean, otsailaren 18an, "Euskal Kantu Liriko Berria" proiektua ekarriko dute Getxora Marta Velasco mezzo-sopranoak, Alberto Nuñez tenoreak eta Juan Jose Ortega piano-joleak. Euskal konpositore klasikoen lana ezagutzara eramateko beren indarrak batu dituzten hiru artista dira Velasco, Nuñez eta Ortega.

Otsailaren 19an Bizkaiko Orkestra Sinfonikoa ariko da, 2004an Bizkaiko goi-mailako musikari gazte tituludunek sortutako taldea. Orkestraren kideak Bilboko Goi Mailako Musika Kontserbatorioko eta Musikeneko azken promozioetako kideak dira eta, nahiz eta gazteak izan, esperientzia nabarmena dute. Kasu honetan, BOSek Vivaldi, Haendel eta Mozart konpositoreen piezez osatutako programa joko du.

Bukatzeko, Brodsky Quartet arduratuko da zikloa datorren urtera arte agurtzeaz otsailaren 20an. Eremu klasikoko harizko laukote ospetsuenetakoa da eta bere 30 urtetik gorako ibilbide profesionalean mundu osoan zehar aritu da. Grabazio ugari egin dituzte eta artista ezagunekin batera aritu dira. Getxorako duten programan, Schubert, Turina, Shostakovich, Mozart, Puccini eta Borodin konpositoreen piezak eskainiko dituzte.