EUSKADI.-Getxoko Udalak (Bizkaia) 70.000 euro banatuko ditu aurten gizarte zerbitzuen arloan diharduten elkarteen artean

Actualizado: miércoles, 24 febrero 2010 13:08

BILBO, 24 Feb. (EUROPA PRESS) -

Getxoko Udalak (Bizkaia) martxoaren 25era arte zabaldu du urtero gizarte zerbitzuen arloan jarduten duten elkarteei ematen dizkien diru-laguntzak eskatzeko epea. Aurten 70.000 euro banatuko ditu Udalak bere helburuekin zerikusi zuzena duten programak eta proiektuak aurrera eramaten laguntzeko.

Diru-laguntzak 2008-2011ko Legegintzaldiko Planaren jarduera-lerroetan sartzen da, "Gizarteratzea, Bizikidetza eta Elkartasuna" ardatz estrategikoaren barruan, hain zuzen. Horien bidez, Udalak gizarte zibilaren parte-hartzea bultzatu nahi du, gizarte arazoak definitu eta konpontzeko orduan, tokiko elkarteei lagunduz eta gizarte boluntario-lanak bultzatuz.

Laguntza dirua irabazteko asmorik gabeko erakundeek eskatu ahal izango dute, Eusko Jaurlaritzan, Bizkaiako Foru Aldundian edo Getxoko Udalean lankide gisa agertzen badira, udalerrian edota udalerriko biztanleentzat jarduerak egiten badituzte eta Udaleko Gizarte Zerbitzuekin modu koordinatuan jardun nahi badute. Getxon egoitza soziala duten taldeek ere eskatu ahal izango dute.

Diru-laguntza honako hauetarako eskatu ahal izango dute: azterlanak edo ikerlanak egiteko; baztertuta dauden edo baztertuak izateko arriskuan dauden gizarte-kolektiboak baztertuak izan ez daitezen aurre neurriak hartzeko; kolektibo horiei arreta egiteko, sustatzeko eta gizarteratzeko jarduera eta proiektuak egiteko; eta herritarrei informazioa emateko eta sentsibilizazioko proiektutarako.

Eskaerak udaletxeko Erregistro Orokorrean, Gizarte Zerbitzuetan (Urgull kalea) Herritarrei Arreta egiteko Andra Mariko, Romo-Areetako eta Algortako Bulegoetan eta Legeak zehaztutako tokietan aurkeztu ahal izango dira.