EUSKADI.-Getxoko Udalak (Bizkaia) atzerritartasuneko araudiari buruzko informazio saioak antolatuko ditu

Actualizado: viernes, 20 febrero 2009 11:39

BILBO, 20 Feb. (EUROPA PRESS) -

Getxoko Udaleko (Bizkaia) Immigrazio eta Kulturaniztasuneko Unitateak atzerritartasuneko araudiari buruzko informazio saio batzuk antolatuko ditu hilabete bakoitzeko azken asteazkenero, horren gai legalei buruzko zalantzak dituztenei zuzenduta.

Getxo da Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) pertsona etorkin gehien jasotzen duen udalerrietako bat, 2008ko abenduaren 31an udal erroldan izena emanda zuten 81.792 lagunetatik 5.253 atzerritar baitziren, guztien %6,42.

Ikuspegi Immigrazioko Euskal Behatokiaren arabera, Bizkaian Europako Batasunetik kanpoko herritar atzerritarren %72ak bizitzeko baimena du, eta Getxon 3.200 bat lagunek. Bizi izateko eta lan egiteko baimen administratibo horri esker atzerritarrek beren eskubideak dituzte eta horregatik da hain garrantzitsua.

Horregatik, Getxoko Udalak hilabete bakoitzeko azken asteazkenero informazio saio batzuk eskainiko ditu bai etorkinei bai eta bertoko enplegu-emaileei ere zuzenduta, Heldu zerbitzu juridikoko abokatuen eskutik. Taldekako informazio saioak izango dira, doakoak, atzerritarren legeak zer dakarren eta heldu berriei zein ibilbide gomendatzen zaien hobeto ezagutzeko. Erregularizatzeko eta bizitzeko baimena lortzeko prozesuari buruzko informazio materiala banatuko da.

Bizitzeko eta lan egiteko baimenei, eskubideei, gizarte edo lan errotzeen ondoriozko erregularizatzeari, familiak biltzeari, ikasleei, erkidegoko pertsonen eta senideen araudiari, zehapenei, kanporaketei buruzko zalantzak ere argituko dituzte.

Lehen saioa otsailaren 25ean izango da, 19:00etatik 21:00etara, Algortako Kultur Aretoan. Hurrengo solasaldiak, martxoaren 25ean, apirilaren 29an, maiatzaren 27an, ekainaren 24ean, uztaialren 29an, irailaren 23an, urriaren 28an, azaroaren 25ean eta abenduaren 30ean izango dira.

Getxoko Udalak, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean eta Euskadiko I. eta II. Immigrazio Plangintzen barruan, 2003. urtetik hona Getxon bizi eta egoera irregular administratiboan bizi direnei Heldu zerbitzu juridikoaren bidez banakako arreta ere eskaintzen die. Urtean Getxon bizi diren 300 bat pertsonek jotzen dute zerbitzu horretara, Bizkaiko %10ak alegia.

"Garrantzitsua da gure udalerrian bizi arren, bertan bizitzeko baimenik ez duen edozein atzerritarrak zerbitzu horretara jotzea, eman beharreko urratsen berri jasotzeko", azaldu du Elena Coria Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak. Doakoa den zerbitzura jo nahi dutenek Gizarte Zerbitzuetan aurretiko hitzordua eskatu behar dute.