EUSKADI.-Gezurrezko pistola batekin Tolosako (Gipuzkoa) taberna batean lapurtu duen 37 urteko gizon bat atxilotu dute

Actualizado: martes, 10 marzo 2009 14:19

DONOSTIA, 10 Mar. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek 37 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo Tolosan (Gipuzkoa), indarkeriaz egindako lapurretaren delitu bat egotzita. Atxilotuak gezurrezko pistola bat atera zuen udalerriko taberna batean, eta zerbitzaria mehatxatu eta kutxa erregistratzailetik dirua hartu zuen. Ihes egiten ari zenean harrapatu zuten ertzainek, Herrizaingo Sailak gaur jakinarazi duenez.

Gertakariak atzo gauean jazo ziren, 22:00etan, Tolosako ostalaritza lokal batean. Salaketan jasotzen denez, ustezko egilea barraren aldamenean zegoen eserita eta, beste bezero bat tabernatik irten eta zerbitzariarekin bakarrik geratu zenean, arma bat atera zuen eta dirua emateko eskatu zion langileari, herio-mehatxua egiten zion bitartean.

Ustezko lapurra barraren atzeko aldean sartu zen eta kutxa erregistratzailetik dirua hartu zuen. Une horretan, hain zuzen, zerbitzariak saltokitik ihes egitea lortu zuen eta sarrera atea ixten saiatu zen. Hortaz, ustezko lapurrak tabernatik aulki bat hartu eta sarrerako kristalaren kontra jo zuen, hautsi zuen arte. Azkenik, lapurra ihes egiten saiatu zen, baina ohartarazitako Ertzaintzaren agenteak bertaratzen ari ziren jadanik.

Agente batek gizonezkoa kaletik ihes egiten ikusi zuen eta jarraitu zion, susmagarria Zumalakarregi kaleko garaje sarrera batean ezkutatu zen arte. Segituan, patruila batek toki ilun batean ezkutatuta zegoen ustezko lapurra atxilotu zuen.

Gizonezkoak errebolber bat zeraman gerrialdean, ertzainek arma simulatu gisa sailkatu zutena. Praketako poltsikoetan hainbat billete eta txanpon zeramatzan, ustez lapurretan lortutakoak. Atxilotuari indarkeriaz egindako lapurretaren delitu bat egotzi zioten eta gaur Tolosako Epaitegiaren esku jarriko dute.