EUSKADI.-Gipuzkoako Foru Aldundiak 475.000 euro banatuko ditu generoen arteko berdintasuna sustatzen duten jarduerak babesteko

Actualizado: martes, 28 abril 2009 15:32

DONOSTIA, 28 Abr. (EUROPA PRESS) -

Gipuzkoako Foru Aldundiak emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzen duten jardueretarako 475.000 euroko diru-laguntzak emateko oinarriak onartu zituen atzo, foru erakundetik gaur jakinarazi dutenez.

Kopuru horretatik, 275.000 euro banatuko dira Gipuzkoako udal eta udalez gaindiko erakundeen artean, emakumeen eta gizonen berdintasunerako teknikariak kontrata ditzaten, emakume eta gizonen berdintasunerako planak garatzeko eta abian jartzeko, eta proiektu estrategikoak gauza ditzaten udaleko edo udalez gaindiko berdintasun planaren barruan.

Gainontzeko 200.000 euroak elkartegintza eta lurraldeko gizartearen alor guztietan emakumeen partaidetza bultzatzen duten emakumeen elkarteei eta irabazi asmorik gabeko erakundeei diru laguntzak emateko izango dira.

Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunaren Legeak euskal administrazio publikoei eskatzen die emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzea eta emakumeen autonomia sustatzea eta posizio soziala, ekonomikoa eta politikoa indartzea helburu duten elkarteak bultza ditzatela. Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiak Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Foru Plana (2008-2011) onartu zuen Diputatuen Kontseiluan 2008ko abenduan.

Honen inguruan, Kiroletako eta Kanpo Ekintzako Sailak "beharrezkotzat" jotzen du emakumeen elkarteak sustatzen jarraitzea; "izan ere, elkarte horiek dira -eta horiekin batera irabazi asmorik gabeko beste erakunde batzuk- beren jarduerekin emakumeen partaidetzan eta sustapenean zuzenki eragin dezaketenak gure lurraldean; hartara, Lankidetzako, Giza Eskubideetako eta Berdintasuneko Zuzendaritza Nagusiak programatutako jarduerak osatzen dira, sentsibilizazio soziala lortzearren".

Diru-laguntzak jaso ahal izateko eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.