EUSKADI.-Gizon bat atxilotu dute Armañon Parke Naturalean (Bizkaia) martxoan 14 sute nahita piztu izana egotzita

Actualizado: viernes, 3 abril 2009 20:26

BILBO, 3 Abr. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek gizonezko bat atxilotu zuten atzo Karrantzan (Bizkaia), baso-suteen delitu bat egotzita. Martxoan, Armañon Parke Naturalean, 14 sute piztu izana egotzi diote atxilotuari. Suteen ondorioz, 10,6 hektareako baso-masa erre zen, bereziki eukaliptoak, pinuak eta sastrakak. Dirudienez, erretako lur horietan abereentzako bazka landatzeko egiten zituen baso-erreketak, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak gaur jakinarazi duenez.

Iragan martxoan hainbat sute egon ziren Sopeña mendian, Armañon Parke Naturalaren barruan, Karrantzan. Martxoaren 12tik 23ra bitartean, Baso Zerbitzuko langileek eta suhiltzaileek 14 aldiz esku hartu behar izan zuten zenbait sute itzaltzeko, eta, guztira, 16,6 hektarea erre ziren; batez ere, eukaliptoak, pinuak eta sastrakak. Ezbehar batzuetan, bertaratutako langileek lur orotarako ibilgailu bat ikusi zuten tokitik alde egiten, sutea piztu eta denbora apur bat geroago.

Ustezko piromanoa identifikatzeko helburuarekin, Bizkaiko Foru Aldundiko langileek eta Ertzaintzaren agenteek dispositibo bat abiatu zuten martxoaren 22an. Ikerketek ondorioztatu zutenaren arabera, susmagarria Karrantzako bizilagun bat zen; izan ere, erretako lursailak (Udalarenak ziren) abereentzako bazka landatzeko erabiltzen zituen.

Basozain batek susmagarria harrapatu zuen, basobera bati su ematen ari zitzaionean, eta atzeman zutela konturatzekoan, ustezko piromanoak herio-mehatxua egin zion basozainari. Azken honek Ertzaintza ohartarazi zuen eta, agenteek, susmagarria (40 urteko gizonezkoa) identifikatu eta atxilotu zuten, baso suteen delitu bat eta heriotza mehatxuen delitu bat egotzita.

Leporatutako gertakariak bereziki larriak dira, izan ere, hontz handia edo sai zuria bezalako babestuko espezie biologikoak dituen parke natural bateko baso-masa erre dute suteek. Gainera, 50.000 eurotik gorakoa izan da erretako zuhaitz-hektareek eta suteak itzaltzeko lanek eragindako kostua.