EUSKADI.-Gizon bat atxilotu dute Bilbon bere bikotekideari erasotzeagatik

Actualizado: jueves, 19 febrero 2009 16:22

BILBO, 19 Feb. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek 46 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo gauean Bilbon genero indarkeriaren delitu baten ustezko egilea delakoan, ustez, bere bikotekideari eraso egin baitzion, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak gaur jakinarazi duenez.

Gertakariak atzo gauean izan ziren, 21:30ak aldera, Bilboko Juan de Garay kaleko etxebizitza batean. Ordu horretan, emakumezko batek SOS Deiak 112ra deitu zuen, ustez, bere bikotekidearen erasoa jasaten ari zelako. Jarraian, Ertzaintzaren patruila bat etxebizitzan bertaratu zen eta biktima lagundu zuen; izan ere, emakumezkoak lesioak zituen aurpegian eta lepoan. Ordu horretarako, ustezko erasotzaileak etxebizitzatik alde egin zuen jada.

Agenteek emakumezkoa artatzen eta gertatutakoari buruzko informazioa jasotzen zuten bitartean, ustezko erasotzailea etxera itzuli zen eta, hortaz, ertzainek atxilotu zuten. Halaber, agenteek ziurtatu zuten gertakariaz jaso berri zuten informazioa eta biktimaren oihuak entzuterakoan etxebizitzara hurbildu ziren hainbat auzokidek eskainitako kontaketak bat etortzen zirela. Ondoren, biktima Basurtuko Ospitalera eraman zuten agenteek.

Ustezko erasotzailea (46 urteko gizonezko bat) genero indarkeriaren delitu bat egotzita atxilotu zuten. Ondoren jakin ahal izan dutenez, 2006an antzeko delitu batengatik atxilotu zuen Ertzaintzak.