EUSKADI.-Gizon bat atxilotu dute Bilbon emakume bati tira eginda poltsa lapurtzeagatik

Actualizado: martes, 23 junio 2009 15:03

BILBO, 23 Jun. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek gizonezko bat atzeman zuten atzo gauean Bilbon indarkeria erabiliz egindako lapurreta delitu bat leporatuta, emakumezko bati indarrez tira eginda ustez poltsa ostu baitzion. Gertakari hau jazo eta minutu gutxira, patruila batek ustezko egilea aurkitu zuen eta biktimak susmagarria ezagutu eta berehala atxilotu zuten agenteek, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak gaur jakinarazi duenez.

Atzo gauean izan zen lapurreta, 22:45 aldera. Bilboko San Frantzisko kaletik oinez zihoazen bi emakumeri gizonezko bat hurreratu zitzaien eta bat-batean, bietako baten poltsa heldu eta indarrez tira eginda eramaten saiatu zen. Emakumezkoak lapurreta galarazi nahi izan zuen baina gizonezkoak poltsa bereganatu eta segidan alde egin zuen. Biktimak atzetik jarraitu zion baina ez zuen lapurra harrapatzerik izan. Berehala abisatu zion emakumezkoak Ertzaintzari eta agenteak segidan hasi ziren susmagarriaren bila.

Handik gutxira, patruila batek biktimak emandako deskribapenarekin bat zetorren gizonezko bat antzeman zuen lapurreta jazo zen tokitik hurbil. Ertzainek susmagarria identifikatu zuten eta emakumezkoak ustezko egilea ezagutu eta berehala atxilotu zuten agenteek.

Azkenean, 19 urteko atxilotuari indarkeria erabiliz egindako lapurreta delitu bat leporatu zioten eta atxilotu bezain laster, ertzainetxera eraman zuten bertan kasu honi dagozkion izapideak burutu ahal izateko. Datozen orduetan jarriko dute epailearen esku.