EUSKADI.-Gizon bat atxilotu dute Bilbon kirol denda batean lapurtzeagatik eta segurtasuneko zaindaria jotzeagatik

Actualizado: martes, 11 agosto 2009 15:22

BILBO, 11 Ago. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek 26 urteko gizon bat atxilotu zuten atzo eguerdian Bilbon, kirol denda batetik hainbat arropa lapurtzea eta establezimenduko segurtasuneko zaindari bat jotzea egotzita, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak gaur jakinarazi duenez.

Gertakariak atzoko 12:30ak aldera jazo ziren, Bilbo erdialdetik zeuden Ertzaintzaren agenteei jakinarazi zietenean pertsona batek denda batean kamiseta bat ostu berri zuela eta saltokiko segurtasuneko zaindariari eraso egin ziola.

Bertaratu ziren agenteak saltokiko kanpoko pertsiana erdi itxita zegoela eta bi pertsona borrokan ari zirela konturatu ziren. Beraz, borrokatzen zuten bi gizonezko horiek banandu zituzten. Gizon horietako batek bere burua saltokiko segurtasunaren arduradun gisa aurkeztu zuen eta, agenteei jakinarazi zienez, kirol kamiseta bat ostu berri zuela iritzita bertan zegoen beste gizonezkoarengana hurbildu zenean, azken honek eraso egin zion; gainera, gizon hura azken asteotan izandako kirol arropen beste hainbat lapurretaren ustezko egilea zela susmatzen zuen segurtasun arduradunak.

Ertzainek susmagarriak zeraman motxila miatu zuten eta konturatu ziren motxilaren barrualdea dispositibo batez antolatuta zegoela, saltokietako segurtasun kontroletatik pasatzerakoan arropen alarmek jo ez zezaten. Ertzainek gertakarien ustezko egilea atxilotu zuten, indarkeriaz egindako lapurretaren delitu bat egotzita.

Atxilotua (49 euroko kamiseta bat ere atzeman zioten) Bilboko ertzainetxe batera eraman zuten, eta aurki bertako Guardiako epailearen aurrera eramango dute, dagozkion eginbideak amaituta.