EUSKADI.-Gizon bat atxilotu dute Donostian biktimen deskuiduaz baliatuz zorro bat eta txamarra bat lapurtzeagatik

Actualizado: martes, 31 marzo 2009 13:23

DONOSTIA, 31 Mar. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek gizonezko bat atxilotu dute gaur goizaldean Donostian, hiriko bi ostalaritza establezimendutako bi bezerori lapurtzeagatik, biktimen deskuiduaz baliatuta. Lapurrak bi txamarra zeramatzan jantzita, eta araketan atzeman dizkioten txartelak ikertzen ari dira orain, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez.

Gertakariak 1:45 aldera jazo dira, Donostiako Manterola kaleko pub bateko langile batek Ertzaintza ohartarazi duenenean. Dirudienez, lokalean edaririk hartu gabe zegoen gizonezko bat zorro bat lapurtzen harrapatu du langileak; une horretan, gizonezkoak poltsa jabeari itzuli dio.

Ertzaintzaren patruila bat bertaratu denean, agenteek establezimendutik irteteko eskatu diote susmagarriari. Ertzainek ustezko lapurra arakatzen zuten bitartean, beste lokal bateko langile bat etorri da eta bere pubean bezero bati, biktimaren deskuiduaz baliatuta, txamarra bat ostu berri ziotela jakinarazi die agenteei. Ustezko lapurrak bi txamarra zeramatzan gainean, horietako bat lapurtutakoa; gainera, zenbait jaberen hainbat kreditu txartel ere atzeman dizkiote.

Agenteek ustezko lapurra atxilotu dute, 31 urteko gizonezko bat, gutxienez lapurretaren delitu bi leporatuta. Atzemandako txartelak nola lortu dituen ikertzen ari dira orain.