EUSKADI.-Gizon bat atxilotu dute Donostian optika batean dirua lapurtzen saiatzeagatik

Actualizado: jueves, 4 marzo 2010 12:30

DONOSTIA, 4 Mar. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek gizonezko bat atxilotu zuten atzo Donostian, Antiguo auzoko optika batean dirua lapurtzeagatik. Gertakaria otsailean jazo zen, saltokiko langileetako batek gizonezkoa kutxa-erregistratzailetik zenbait billete lapurtzen harrapatu zuenean. Emakumezkoak atzemandakoari dirua kentzea lortu zuen eta hura atxikitzen saiatu zen, baina ustezko lapurrak ihes egin zuen. Hain zuzen, biktimak gizonezkoa ikusi zuen atzo Antiguo auzotik ibiltzen ari zela, eta Ertzaintza ohartarazi zuen.

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak gaur jakinarazi duenez, lapurreta saiakera otsailaren 18an jazo zen, Donostiako Antiguo auzoko optika batean. Biktimak salatu zuenez, gizon bat establezimenduan sartu zen eta, langileak denda-ostean zeudela aprobetxatuta, kutxa-erregistratzailea zabaldu zuen eta zenbait billete hartu zituen.

Zaratak entzuterakoan, langileetako bat denda-ostetik irten zen eta lapurra harrapatu zuen. Emakumezkoak billeteak kendu zizkion eta hura atxikitzen saiatu zen, baina gizonezkoak bere kontra indar egin eta ihes egitea lortu zuen. Ihesaldian, lapurrak lokaleko atea itxi egin zuen, atearekin langilearen beso bat harrapatuz.

Jarraian, gertakariaren berri eman zion Ertzaintzari. Agenteak susmagarriaren bila hasi ziren, baina ez zuten aurkitu. Atzo, biktima Antiguo auzotik ibiltzen ari zen eta, bat-batean, ustezko lapurra ikusi zuen. Denbora gutxira, patruila batek gizonezkoa atxilotu zuen, lapurreta delitu bat egotzita. Atxilotua, 35 urtekoa, polizia egoitza batera eraman zuten beharrezko eginbideak burutu eta, ondoren, epailearen esku uzteko.