EUSKADI.-Gizon bat atxilotu dute Gasteizen emakume bati poltsa lapurtzen saiatu eta erasotzeagatik

Actualizado: viernes, 26 febrero 2010 13:45

GASTEIZ, 26 Feb. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek 23 urteko gizonezko bat atzeman zuten atzo goizaldean Gasteizen ustez poltsa lapurtzen saiatu zen emakume bati lesioak eragin izana leporatuta. Gertakari berean beste bi pertsona ere atxilotu zituzten: bati, agintaritzako agenteei desobeditzea egotzi zioten eta bestea, aldiz, epailearen bilaketa-agindu bat betetzeke zeukala eta atzeman zuten, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak gaur jakinarazi duenez.

Atzo goizaldeko 3:00ak aldera, Gasteizko Domingo Beltran kalean lagun talde batek izan berri zuen liskarraren inguruko abisua jaso zuen Ertzaintzak. Bertaratu ziren agenteek, sudurrean lesio odoltsu bat zuen emakume bat antzeman zuten eta berehala, anbulantzia baten laguntza eskatu zuten.

Ustezko erasotzailea korrika ihes egiten saiatu bazen ere, inguruetan geldiarazi zuten. Susmagarriak agenteei aurre egin zien ertzainetako bat kolpatuz. Azkenean, emakumeari eragindako lesio eta agintaritzako agentearen aurkako atentatu delituak leporatuta atxilotu zuten.

Horrez gain, bertan zeuden beste bi pertsona ere atzeman zituzten. 25 urteko gizon bat, Bilboko Auzitegi batek emandako agindu batengatik atxilotu zuten. 41 urteko beste gizon bati, desobedientzia delitu bat leporatu zioten, ertzainek behin eta berriz emandako aginduei jaramonik egin ez omen zielako. Atxilotu bi hauek polizia aurrekariak dituzte.

Lesioak jasan zituen emakumeak gertakari honen inguruan jarritako salaketari esker, erasotzaileak poltsa indarrez lapurtu nahi izan ziola argitu zen. Berehala liskarrean hasi omen ziren; biekin zihoazen beste lagun batzuek ere eztabaidan parte hartu omen zuten.

Emakumea, bere aldetik, Txagorritxuko Ospitalera eraman behar izan zuten jasandako lesioak artatu ziezazkioten.