EUSKADI.-Gizon bat atxilotu dute Gasteizen kokaina eta haxix kantitate txikiekin atzeman ondoren

Actualizado: viernes, 8 mayo 2009 20:08

GASTEIZ, 8 May. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek 33 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo Gasteizen, osasun publikoaren kontrako ustezko delitu bat egotzita. Ostalaritza lokal batean gai sorgorgarriekin trafikatu izana leporatzen diote eta agenteek kokaina eta haxix kantitate txikiak atzeman zizkioten, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak gaur jakinarazi duenez.

Gasteizko Zaramaga auzoko taberna batean bezero batek drogarekin trafikatzen zuela susmatzen zuen Ertzaintzak, eta atzo arratsaldean dispositiboa abiatu zuen aipatutako lokalean. Ertzainak bertaratu zirenean, barra alboan zegoen gizon bat tabernako komunetara joan zen agudo. Ertzain bat gizonezkoa geldiarazten saiatu zen eta susmagarriak hainbat bilgarri komunetako paperontzira botatzen zituela ikusi zuen. Droga hura kokaina zen eta, ustez, salmentarako prest zegoen.

Jarraian, ertzainek kokaina zeukaten plastikozko hiru bilgarri gehiago atzeman zituzten bi tabako paketeren barruan, eta, susmagarria egondako barrako eremuan, doitasun-balantza bat eta haxix zati bat aurkitu zituzten.

Agenteek gai sorgorgarrien ustezko jabea atxilotu zuten eta zenbait lagun identifikatu zituzten; gainera, tabernari espedientea egin zioten, drogen kontsumoa onartzeagatik. Atxilotua Gasteizko Guardiako Auzitegiaren esku jarri dute gaur.