EUSKADI.-Gizon bat atxilotu dute Irunen (Gipuzkoa) bikotekide ohiari behin eta berriro erasotzeagatik

Actualizado: lunes, 4 enero 2010 15:17

DONOSTIA, 4 Ene. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzak gizon bat atxilotu zuen atzo arratsaldeko lehen orduan Irunen (Gipuzkoa), genero indarkeriaren delitu bat egotzita. Biktimak irainak, tratu txar fisikoak eta mehatxuak jasan ditu behin eta berriz, atxilotuarekin harremana hasi zuenetik, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez.

Gertakariak atzo arratsaldeko 14:00etan jazo ziren Irunen. Ordu horretan, herritar bat Ertzaintzarekin harremanetan jarri zen telefonoz, gizonezko batek bikotekide ohia jo berri zuela jakinarazteko. Deitzailearen arabera, emakumezkoa okindegi batean babestu zen eta, aurretik, gizonezkoa emakumeari kaletik segika ibili zen, herio-mehatxuak eginda.

Bertaratutako agenteek ikusi ahal zutenez, gizonezkoa biktimaren eta okindegiko saltzailearen kontrako irainak eta herio-mehatxuak botatzen zebilen. Saltzaileak bezeroak sartu ezin diren lokaleko toki batean babestu zuen emakumezkoa. Agenteek 23 urteko gizonezkoa atxilotu zuten, genero indarkeriaren delitu bat, irainen delitu bat eta herio-mehatxuen delitu bat egin izana egotzita.

Biktimak aurkeztutako salaketan jasotako datuen arabera, indarkeriazko gertakariak bion arteko harremana hasi zenetik (orain dela bost urte) eman dira, emakumezkoaren eta haren senitarteko zuzenen kontrako etengabeko herio-mehatxuekin. Halaber, emakumezkoak irainak, tratu txarrak eta sexu erasoak jasan izan ditu etengabe, baina ez du inoiz salaketarik aurkeztu, horrek ekar zitzakeen ondorio larrien beldur baitzen.

Ondoren jakin ahal izan denez, atxilotuak biktima gezurra esatera behartu izan du hainbatetan, pairatzen zituen erasoak beste pertsona batzuei leporatzeko eta, gainera, noiz edo noiz, emakumea gela batean itxita izan du. Horrez gain, beste pertsona batzuekin irtetea eragotzi dio eta behar izan duen dirua eta janaria ematera behartu du, mehatxuen bidez.