EUSKADI.-Gizon bat atxilotu dute Irunen (Gipuzkoa) gasolindegi batean langilea artazi batzuekin beldurraraziz lapurtzeagatik

Actualizado: jueves, 14 enero 2010 12:34

DONOSTIA, 14 Ene. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek 37 urteko gizonezko bat atxilotu dute gaur goizaldean Irunen (Gipuzkoa), larderiaz egindako lapurreta delitu bat egotzita, ustez, herriguneko zerbitzugune batean lapurreta egin ostean. Gertakariaren egileak gasolindegiko langilea artazi batzuekin beldurrarazi eta kutxa-erregistratzaileko dirua lapurtu du. Gainera, ordu batzuk lehenago Irungo komunitate baten garajean aparkatutako ibilgailu batean egindako lapurreta ere egotzi diote.

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, gertakariak gaur goizaldeko 1:00ak aldera jazo dira, Irungo herriguneko zerbitzugune batean. Salaketan jasotzen denez, gertakarien egilea ziklomotor batean heldu da gasolindegira, kaskoa eta eguzkitako betaurrekoak jarrita zeramatzala. Depositua bete ostean, kutxan ordaindu eta tokitik alde egin du. Minutu gutxira, bueltatu da eta lapurreta egin du.

Lapurra langilearengana zuzendu da eta, hura artazi batzuekin beldurrarazi ostean, kutxa-erregistratzaileko dirua emateko eskatu dio. Segituan, diruarekin ihes egin du.

Gertakariaren berri izan ostean, Ertzaintzaren hainbat patruila susmagarriaren bila hasi dira. Minutu batzuk geroago, haren ziklomotorra aurkitu dute Irungo Larreaundi auzoan. Motorraren aldamenean, ustez lapurretan erabilitako eguzkitako betaurrekoak eta artaziak zeuden.

Ondoren egindako ikerketei esker, Ertzaintzak gertakarien ustezko egilea (delitu aurrekari ugari dituen 37 urteko gizon bat) atxilotu du, larderiaz egindako lapurretaren delitu bat egotzita. Atxiloketaren unean, lapurretan erabili omen duen kaskoa eta eskudirutan zeramatzan 600 euro inguru atzeman dizkiote. Gainera, Irungo komunitate baten garajean aparkatuta zegoen ibilgailu batean ordu batzuk lehenago egindako lapurreta ere leporatu diote.