EUSKADI.-Gizon bat atxilotu dute Zumaian (Gipuzkoa) pertsona bati edalontzi batekin aurpegian erasotzeagatik

Actualizado: viernes, 19 febrero 2010 13:16

DONOSTIA, 19 Feb. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek 42 urteko gizon bat atxilotu dute gaur goizaldean Zumaian (Gipuzkoa) lesio delitu bat leporatuta, berarekin liskarra izan zuen pertsona bati edalontzi batekin aurpegian eraso egin ziolakoan. Era berean, biktimari Zarauzko osasun zentroan artatu dizkiote zauriak eta berehala bera ere atxilotu dute epailearen agindu bat bete gabe zuelako, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez.

Gaur goizaldean gertatu da guztia Zumaiako taberna batean. Oraindik ezagutzen ez diren arrazoiak direla medio, bi gizon liskarrean hasi dira. Borrokan zehar, dirudienez, gizonetako batek edalontzi batekin eraso egin dio besteari aurpegian eta hainbat ebaki egin dizkio. Tabernan zeuden hainbat lekukok dei egin diote telefonoz Ertzaintzari.

Handik minutu gutxira bertaratu da Ertzaintzako herritarren segurtasuneko patruila bat. Sartu bezain laster ikusi dituzte oraindik liskarrean jarraitzen zuten aipatutako bi gizonak; bata aurpegian zituen zaurietatik odoletan ari zen. Agenteek berehala banatu dituzte eta bi gizonak identifikatu ostean, bata atxilotu egin dute besteari eragindako lesioak leporatuta. Zarauzko ertzainetxera eraman dute susmagarria eta datozen orduetan jarriko dute Guardiako epailearen esku.

Bestalde, zauritua herriko osasun zentrora eraman dute eta bertan aurpegiko zauriak artatu dizkiote, baina handik gutxira, bera ere atzeman egin dute ertzainek, atxiloketa eta epailearen aurrean aurkezteko agindu bat zuelako.