EUSKADI.-Gizon bat birritan atxilotu dute Beasainen (Gipuzkoa) bost orduren buruan lapurtzeagatik

Actualizado: miércoles, 20 mayo 2009 18:56

DONOSTIA, 20 May. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek gizonezko bat atxilotu dute gaur goizaldean Beasainen (Gipuzkoa), bertako enpresa batean lapurtzeagatik. Gainera, susmagarri bera atzo arratsaldeko azken orduan ere atxilotu zuten Ordiziako (Gipuzkoa) lokal batean egindako lapurreta bat leporatuta, Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez.

Atzo arratsaldean, 20:45 aldera, Ordiziako lokal batean lapurreta bat jazo zela jakin zuen Ertzaintzak. Ordenagailu eramangarri bat, bideo bat eta 600 euro inguru ostu omen zituzten. Minutu batzuk beranduago, kaleko arropekin jantzita zihoazen agente batzuek ustezko lapurraren deskribapenarekin bat zetorren susmagarri bat aurkitu zuten udalerriko taberna batean. Agenteek berehala identifikatu zuten eta lapurtu berri zuen guztia gainean zeramala egiaztatu zuten.

Gainera, susmagarriak jantzita zeraman jertsea, udalerriko denda batean ordu batzuk lehenago lapurtua izan zen baten berdina zen. 22 urteko gizonezkoa segidan atxilotu zuten; lehendik ere jabetzaren aurkako delituekin zerikusia duten polizi aurrekariak ditu. Atxilotua gauerdia pasatxo zenean aske utzi zuten beharrezko izapideak bukatu ostean.

Pixka bat geroago, 1:30ak pasatxo zirenean, Ertzaintza Beasaingo enpresa batera bertaratu da lapurretan egin berri zutela-eta. Bertako segurtasunaren arduradunek ertzainei jakinarazi dietenez, enpresako kafe-makina indarra erabiliz ireki eta diruz betetako kutxa bat eraman omen zuen lapurrak argazki-kamera bat eta hainbat eskuko telefonorekin batera. Ustezko lapurraren deskribapena ordubete eskas lehenago aske jarri zuten gizonezkoarenarekin bat zetorren.

Azkenean, 2:00ak aldera, susmagarria aurkitu dute agenteek Senpere saltoki-guneko aparkalekuan zegoen auto batean ezkutaturik. Gizonezkoak hainbat txanpon eta argazki-kamera bat zeramatzan gainean.