EUSKADI.-Harrapatzeak ekiditeko eta bizikleta eta motorrei buruzko araudia kontrolatzeko kanpaina hasiko du Bilboko Udaltzaingoak

Actualizado: viernes, 5 junio 2009 13:37

BILBO, 5 Jun. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udaltzaingoak bigarren zaintza eta kontrol-kanpaina berezia martxan jarriko du martxan astelehenetik ekainaren 21era bitartean Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan. Kanpainaren helburuak dira harrapatzeak ekiditea eta bizikleta, ziklomotor nahiz motozikletei dagokienez egun indarrean dagoen araudia betetzen dela bermatzea.

Ekimena 2009rako Zaintza eta Kontrol Plan Bereziaren barruan dago, eta Bilboko Udaltzaingoko Trafiko Atalak jasotzen dituen datuak taula batzuetan sartuko dira, aurretiaz horretarako ezarri diren adierazle batzuen bidez estatistikoki tratatu daitezen, kanpainaren arduradunek zehaztu dutenez.

Aurreko kanpainan (martxoaren 23tik apirilaren 5era arte), batez ere informatiboa izaki, Udaltzaingoak 147 txirrindulari eta 444 oinezko ohartarazi zituen zirkulazio-arauak ez betetzeagatik. Era berean, udaltzainek salaketa jarri zioten txirrindulari bati, 31 auto-gidariri oinezkoentzako pasabideak ez errespetatzeagatik, 11 oinezkori eta 99 motor-gidariri (11k ez zuten asegururik, bostek ez zeramaten gidariaren kaskoa, bik ez zuten bidaiariarentzako kaskorik eta beste 81ek beste arrazoiengatik jaso zuten salaketa).

Oraingoan, kanpainaren helburua ez da bakarrik oinezkoak eta gidariak ohartaraztea, ohitura txarrak zuzentzea eta trafiko-arauak haustea ekiditea dira xedeak, istripuen arriskua murrizte aldera. Hortaz, udaltzainek arauak hausten dituztenei salaketa jarriko diote, 2009rako Zaintza eta Kontrol Plan Berezian jasotakoari jarraiki.

HARRAPATZEAK

Harrapatzeak ekiditeko zaintza eta kontrol-kanpaina berezia goizeko eta arratsaldeko kontrolen bidez egingo da, kokapenarengatik, diseinuarengatik edo egoerarengatik oinezkoentzat arrisku gehien duten oinezkoentzako pasabideetan.

Udaltzainek gidarien arau-hausteak jasoko dituzte, baita oinezkoek egiten dituzten arduragabekeriak ere. Azken horiek salaketa jaso lezakete zirkulaziorako arrisku zehatza dakarren jokabidea edo jarrera aurkeztekotan.

Aldi berean, Bilboko Udaltzaingoak bizikleten gidaritzarekin lotutako alderdi guztien kontrola egingo du, ibilgailu horiek bide publikoa erabiltzeko duten araudia betetzen dela bermatzeko xedearekin. Zaintza goizeko eta arratsaldeko txandetan egingo da eta, aurreko kasuan bezala, arauak hausten dituzten pertsonek salaketa jasoko dute bide-segurtasunaren aurkako jokabideak agertzekotan.

Azkenik, zaintza eta kontrol-kanpaina berezia dela medio, hiriko bide-sareko hainbat puntutan zaintza-guneak jarriko dira ziklomotorrek nahiz motozikletek segurtasun-neurriei eta dokumentazioari buruz indarrean dagoen araudia betetzen dutela kontrolatzeko.

Kasu horretan, Udaltzaingoaren Trafiko Atalak goizeko eta arratsaldeko txandak egingo ditu; bereziki kontrolatuko da ziklomotorren eta motozikleten gidariek kaskoa erabiltzen dutela eta ibilgailuen dokumentazioa zuzen dutela.