Aviso: Esta noticia tiene más de un año. Última actualización: 09/11/2009 17:51
Bilboko Artelan Berreginen Museoak Harresiak Apurtuz etorkinei laguntzeko Euskadiko GKE-en koordinakundeak antolatu duen "InmigrArt 09" erakusketa zabalduko du bihar eta igandera arte izango du ikusgai. Erakusketaren helburua, artea, gizartea etorkinen balioen, immigrazioaren zergatien eta kultur anitzeko gizartearen abantailen aurrean sentsibilizatzeko tresna gisa erabiltzea da. Arte afrikarrari eskainitako hirugarren edizio honetan Senegal hegoaldeko harezko koadroak, artisautza lanak eta oihalak erakutsiko dira.
Antolatzaileek azaldu dutenez, erakusketa Eusko Jaurlaritzako Immigrazio Zuzendaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatu dute, eta Bilboko Artelan Berreginen Museoaren laguntza du. Erakusketaren garapenean Senegaleko pertsonek osatutako M'Lomp elkarteak eta Burkina Fasoko pertsonen Afriki Cultura elkarteak hartu dute parte.
"InmigrArt" kultur adierazpenaren enpoderamendu eta indartze programa da, etorkinek burututako artearen bitartez. 2007an sortu eta 2008an inauguratu zen, Harresiak Apurtuz erakundeak bultzatuta. Ekimenaren bitartez, etorkinek egindako arte eta kultur ekoizpena erakustea bilatzen da, arte diziplina anitzetan: pintura, eskultura, arkitektura, musika, literatura, antzerkia, dantza, argazkigintza, zinematografia eta arte grafikoak. Halaber, elkarlanerako harremanak ere bilatu nahi dira, jarduera aurrera daramaten gizarte erakundeekin.
Horrela, programaren bitartez kulturartekotasuna bultzatu nahi da, ideien, sentsazioen eta produktuen trukearen bitartez. "Horien bidez, etorkinek bizi izan dituzten immigrazio egitasmoetan, haien nahietan, erronketan eta esperientzietan sar gaitezke. Horrela, bertakoak etorkinen errealitatera hurbiltzea lortuko dugu, eta, aldi berean, etorkinei aukera ematen zaie euren esperientziak konpartitzeko, eurek egindako artelanak baloratuz. Immigrazioaren fenomenora hurbiltzeko era berria izan daiteke", adierazi dute antolatzaileek.
Horrez gain, etorkinek sortutako arte adierazpenen bilaketa eta sustapen horretan "oso kontuan" izan da genero ikuspegia. Horrela, "garrantzi berezia" eman zaie emakumea subjektu aktibo, sortzaile eta prozesuen jabe gisa erakusten duten arte adierazpenei.
"InmigrArte" erakusketako lehenbiziko bi edizioak Bizkaian burutu dira, Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzari esker. Edizio horietan Zubietxe Elkarteko pintura tailerra eta Emakumean Aniztasunean Elkartearen argazki erakusketa bultzatu ziren; erakunde biak Harresiak Apurtuz koordinakunde kide dira.