EUSKADI.-Hasi dira "Ni fu ni fa sostenido" umeentzako opera-produkzioaren entseguak Bilboko Arriaga Antzokian

Actualizado: martes, 23 febrero 2010 14:36

BILBO, 23 Feb. (EUROPA PRESS) -

Hasi dira Bilboko Arriaga Antzokian "Ni fu ni fa sostenido" izenburuko umeentzako opera-produkzioaren entseguak, eta erritmo "onean" doaz. Arriaga Antzokiak berak ekoiztu duen eta Operaren Lagunen Bilboko Elkartea (OLBE) koprodukzioan aritu den lan hau martxoaren 5ean estreinatuko da, 11:00etan, eta martxoaren 10 arte ikusteko aukera izango da, antzoki bilbotarreko iturriek adierazi dutenez.

Arriaga Antzokia eta OLBE elkarrekin aritu dira opera didaktiko hau sortzeko, eta gidoiaz, eszena-zuzendaritzaz, jantziez eta eszenografiaz Enrique Viana arduratu da. Nerea Castellot, Juan Jose Navarro, Alberto Nuñez eta Ana Otxoa abeslariak, Itziar Recalde antzezlea eta Juanjo Otero eta Aritza Rodriguez dira gainerako partaideak. Horrez gain, Itxaro Mentxaka mezzosopranoaren laguntza berezia izan du.

"Ni fu ni fa sostenido" obran zenbait opera ezagunen musika-zatiak agertzen dira, hala nola Mozarten "Las bodas de Figaro", Wagnerren "Tanhäuser", Rossiniren "El barbero de Sevilla", Gounoden "Fausto", Bizeten "Los Pescadores de perlas" eta Auberren "Fra Diavolo". Daniel Oyarzabal pianistak musika jarriko dio zuzenean, eta Ruben Fernandez Aguirre musika-aholkulari gisa arituko da.

Lan berri honi esker, ikusle txikiek errepertorioko operaren aria garrantzitsuenen zenbait zati ezagutuko dituzte, ekitaldi entretenigarri eta dibertigarri batek animatuta, Jorge Vicedoren koreografiarekin.

OLBErekin koproduzitutako lan honen zazpi emanaldi izango dira Arriaga Antzokian. Familientzako eta publikoarentzako emanaldiak izango dira martxoaren 6an, 19:00etan, eta martxoaren 7an, 12:00etan eta 19:00etan. Horrez gain, ikasleentzako saioak ere izango dira, 11:00etan, martxoaren 5ean, 8an, 9an eta 10ean.