EUSKADI.-Haur pornografia internet bidez banatu izana leporatu die Ertzaintzak sei laguni eta bat atxilotu du Agurainen (Araba)

Actualizado: martes, 17 febrero 2009 14:15

BILBO, 17 Feb. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzako delitu informatikoen atalak Aguraingo (Araba) bizilagun bat atxilotu du, haur pornografia edukitzearen eta internet bidez banatzearen delitu bat egotzita, eta mota horretako edukiak dituzten 17.000 artxibo informatiko atzeman dizkiote. Operazio honen barruan beste bost lagun inputatu dituzte Euskadin eta, Estatuan, guztira, 20 atxilotu egon dira. Ertzaintzaz gain, Kataluniako Esquadra Mossoek eta Espainiako Polizia Nazionalak eta Guardia Zibilak parte hartu dute operazioan.

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak gaur jakinarazi duenez, operazioa (itxitzat eman dute) iaz abiatu zuten, herritar batek Esquadra Mossoak ohartarazi zituenean. Kataluniako poliziak ikerketaren berri eman zion Ertzaintzari, operazio horren zenbait ondoriok EAEra eramaten baitzuten. Hortaz, otsailaren 11n, Ertzaintzak hiru etxebizitza miatu zituen: Agurainen, Getxon (Bizkaia) eta Erandion (Bizkaia).

Miaketen ondorioz, Aguraingo gizonezko bat atxilotu zuten, haur pornografia zituzten 17.000 artxibo baino gehiago atzeman zizkiotelako, ustez sarearen bidez banatzeko. Halaber, Ertzaintzak beste bost lagun inputatu zituen (Getxon eta Erandion), material mota bera atzeman baitzieten. Guztira, 20 pertsona atxilotu dituzte Estatuan egindako operazioan: bat Euskadin, zortzi Katalunian eta, gainerakoak, Estatuko beste toki batzuetan.