EUSKADI.-Herrizaingo Sailak alerta ezarri du gaur, haizearengatik, eta bihartik igandera arte, olatuen indarra dela eta

Actualizado: jueves, 4 febrero 2010 16:39

BILBO, 4 Feb. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak alerta horia ezarri du gaur, haizearengatik, eta ostiraletik igandera bitartean, olatuen indar handia dela eta. Gainera, larunbatean maila laranjara aldatuko dute alerta. Gaur, haizeak 100 km/o-ko abiadura har lezake haizeguneetan eta, asteburuan, olatuen altuerak gora egingo du: 3,5 metrotik 6-7 metro ingururaino.

Euskalmet Meteorologiaren Euskal Agentziak egindako iragarpenen arabera, gaur eguerditik gauerdira bitartean, mendebalde eta hego-mendebaldeko haizeak 100 km/o-ko abiadura gainditu lezake haizeguneetan, eta hori dela eta, alerta maila horia ezarri dute. Iragarpen horien arabera, bihar alerta horia itsasaldeko arrisku bilakatuko da, olatuen altuera 3,5 eta 5 metro inguruan ibiliko baita.

Larunbatean eutsi egingo diote alerta horiari, baina goizean eta arratsaldean maila laranja ezarriko dute, 6-7 metroko olatuak iragarri baitira. Igandean maila horia ezarriko dute berriz.

Herrizaingo Sailak alerta egoeraren berri eman die SOS-Deiak 112ren bidez larrialdietarako zerbitzuei eta EAEn zerbitzu publikoan diharduten enpresei. Halaber, aholku batzuk helarazi dizkie, prebentziorako beharrezko neurriak har ditzaten.

Haize-bolada bortitzak eta olatu handiak izateko arriskuaren aurrean, eta eragin ditzaketen ondorio kaltegarriak prebenitzeko eta arintzeko, Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre egiteko Zuzendaritzak eta Babes Zibilak badaezpadako neurriak hartzea gomendatu die herritarrei, besteak beste, itsas pasealekuetara, kai-muturretara edo itsaslabarretara ez hurbiltzeko, ibilgailurik ez gidatzea kostaldetik gertu dauden errepideetatik, urpean igeri egiteko asmoa izanez gero, bertan behera uzteko, eta ez ontzirik erabili ezta amarrik aztertu ere, ur kirolik ez egiteaz gain.

Larrialdi baten aurrean hartu beharreko neurriei dagokienez, itsasora eroriz gero, olatuak lehertzen diren tokietatik urrundu behar da, eta ondoren laguntza eskatu eta erreskatatu arte itxaron.

Olatuek norbait eramatekotan, lasaitu egin behar da, eta ez igeri ur-lasterraren kontra, kostaldeko lasterrek indarra galtzen baitute beste tarte batzuetan. Larrialdirik izatekotan SOS Deiak 112ra deitu behar da.