EUSKADI.-Hezkuntzaren Aldeko Munduko Kanpainako ekitaldi bat ospatuko da bihar Deustuko Unibertsitateko liburutegian

Actualizado: martes, 21 abril 2009 15:59

BILBO, 21 Abr. (EUROPA PRESS) -

Hezkuntzaren Aldeko Munduko Kanpainaren ekintzetako bat ospatuko da bihar Deustuko Unibertsitateko liburutegian. Ekitaldian, pertsona ororen heziketarako eskubidearekin zerikusia duten istorioak eta testuak irakurriko dira eta, bide batez, gizarteari eta ordezkari politikoei gogoraraziko zaie "munduko 774 milioi pertsona heldu analfabetoak direla eta bost pertsona heldutatik batek ez dakiela irakurtzen eta idazten munduan".

Ekimenaren sustatzaileek azaldu dutenez, azken hilabetean, Deustuko Unibertsitateko ikasleak lanean, hausnartzen eta idazten aritu dira, alfabetatzeak pobreziaren aurka eta heziketarako eskubidearen lorpenean duen zeregin nagusiaren inguruan.

Deustuko Unibertsitateak ere bat egin du aste honetan Euskadin, Espainian eta munduko 150 herrialde baino gehiagotan ospatuko diren ekitaldi ugarirekin, ordezkari politikoei, Dakarren eta Milurtekoaren Helburuekin hartu zituzten konpromisoak bete ditzatela eskatuz, hots, alfabetatze unibertsala eta kalitatekoa lortzea.

Ekimen honen sustatzaile dira Euskadin, Alboan, Ayuda en Accion, Educacion Sin Fronteras, Intered, Intermon Oxfam, Jolas eta Ekin (SERSO, Save the Children, Tierra de Hombres), Elkarhezitzen eta Egoaizia.

Deustuko Unibertsitateko liburutegiko ekitaldia 19:00etan hasiko da, eta bertan izango dira, besteak beste, Jose Javier Pardo Deustuko Unibertsitateko Misioa eta Identitatea saileko errektoreordea, Deustuko Unibertsitateko Literatura Tailerreko kideak, Heziketaren Aldeko Munduko Kanpainaren GKE sustatzaileetako kideak eta Gaurgiroko kideak.