EUSKADI.-Hiru adingabe atxilotu dituzte Zarautzen (Gipuzkoa) taberna batean lapurtzeagatik

Actualizado: viernes, 12 junio 2009 15:21

DONOSTIA, 12 Jun. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek adingabeko bi neska eta mutil bat atxilotu dituzte gaur goizaldean Zarautzen (Gipuzkoa) taberna batean lapurtu izana egotzita, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak gaur jakinarazi duenez.

Gertakariak 4:30ak aldera jazo dira, Ertzaintzak jakin duenean Zarautz erdialdeko taberna batean lapurreta egin berri zutela eta, ustez, egileak gazte batzuk izan zitezkeela. Minutu batzuk geroago, agenteek bi neska adingabe aurkitu dituzte establezimenduaren inguruetan. Gazte horiek zenbait likore botila, izozkiak eta beste hainbat produktu zeuzkaten aldamenean, ustez, tabernatik ostu berri zituztenak. Agenteek adingabeak identifikatu eta atxilotu dituzte.

Ondoren, beste adingabe bat (mutil bat) atzeman dute pabiloi batzuetan, egurren artean ezkutatuta. Motxila bat aurkitu dute mutilaren ondoan eta, motxilan, 1, 2 eta 5 zentimoko txanpon ugari, hainbat arropa eta minutu batzuk lehenago atxilotutako gazteetako baten Nortasun Agiri Nazionala zeudela egiaztatu dute agenteek. Halaber, tabernako kutxa erregistratzailea parke batean botata aurkitu dute.

Atxilotuak (15, 16 eta 17 urte) ertzainetxera eraman dituzte eta, ondoren, beren guraso eta tutoreen esku utziko dituzte, dagozkien eginbideak burutu eta Adingabeen Fiskaltzari gertakariaren berri eman ostean.