EUSKADI.-Hiru gizon atxilotu dituzte Bilbon gazte batzuei eraso eta lapurtu izana egotzita

Actualizado: lunes, 15 febrero 2010 15:22

BILBO, 15 Feb. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek 20 urteko bi gizonezko eta 22 urteko beste bat atxilotu zituzten atzo Bilbon, goizeko lehen orduan, gazte batzuei indarkeriaz lapurreta egin izana egotzita, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak gaur jakinarazi duenez.

Atzo goizeko 6:00ak jota zirenean, Ertzaintzari deitu zioten Bilboko Abando auzoan hiru gaztek indarkeriaz egindako lapurreta bat jasan zutela jakinarazteko. Dirudienez, hiru gizon gazte hurbildu zitzaizkien bertatik igaro zirenean eta, iraintzeaz eta jotzeaz gain, aldean zeramatzaten baliozko gauzak emateko agindu zieten.

Herritarren segurtasunerako patruila bat bertaratuta, biktimekin harremanetan jarri zen. Ubeldura ugari zituzten, erasotzaileek borra luzagarri batez egindakoak, haien esanetan. Anbulantzia bat bidali behar izan zuten zaurituak artatzeko, eta gazteetako bat ospitalera eraman behar izan zuten.

Ondoren, agenteak inguruak miatzera joan ziren eta, handik gertu, biktimek eman zuten deskribapen fisikoarekin bat zetozen hiru gizonezko aurkitu zituzten. Susmagarriak identifikatutakoan, biktimei eraso egiteko erabili omen zuten borra eta salatzaileei ostu zizkieten gauzak atzeman zizkieten.

Hori dela eta, atxilotu egin zituzten hirurak (jarrera oldarkorra erakutsi zuten uneoro, eta horietako bat agenteei eraso egiten ere saiatu zen) eta polizia egoitza batera eraman zituzten beharrezko eginbideak betetzera.