EUSKADI.-Hiru gizon atxilotu dituzte Eskoriatzan (Gipuzkoa) obra batetik elektrizitate kableak lapurtzeagatik

Actualizado: miércoles, 3 junio 2009 19:24

DONOSTIA, 3 Jun. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek hiru gizonezko atxilotu ditu gaur goizaldean Eskoriatzan (Gipuzkoa), indarra erabiliz egindako lapurreta delitu bat leporatuta. Susmagarriak 'in fraganti' harrapatu dituzte obra bateko kutxatilatik kobrezko kableak lapurtzen ari zirenean. Kutxatila horretako kableek, eraikitzen ari ziren txalet batzuetako 15 faroletara bidaltzen dute elektrizitatea, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez.

Gauerdia jota zegoela, Ertzaintzaren agenteak Eskoriatzako Mazmela Elizateko auzora bertaratu dira, bizilagun batek adierazi dienez, zenbait pertsona eraikitzen ari ziren txalet batzuen obra bateko kutxatilak arakatzen ari omen zirelako; elektrizitateko kableak osten zebiltzala uste zuen abisuaren emaileak.

Ertzainek hiru gizonezko antzeman dituzte kutxatilaren ondoan eta lapurretan egin berri zutela egiaztatu dute, guztira 15 faroletara elektrizitatea bidaltzen duen 450 metroko kable-bide bateko tarte bat moztuta zegoela ikusi dutelako. Agenteek, gainera, labana bat, bihurkin bat eta inausteko artazi batzuk ere kendu dizkiete susmagarriei. 18, 33 eta 40 urteko hiru gizonezkoak atxilotu egin dituzte indarra erabiliz egindako delitu bat leporatuta.