EUSKADI.-Hiru lagun atxilotu dituzte Bilbon eta Alonsotegin (Bizkaia) garaje eta trastelekuetan lapurtzeagatik

Actualizado: martes, 31 marzo 2009 14:25

BILBO, 31 Mar. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek hiru gazte atxilotu dituzte Bilbon eta Alonsotegin (Bizkaia) azken 24 orduetan, garaje eta trastelekuetan lapurretak egin izana egotzita, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak gaur jakinarazi duenez.

2008ko irailaren amaieratik urriko lehen astera arte, Bilboko Txurdinaga eta San Adrian auzoetako bizilagunek hainbat salaketa aurkeztu zituzten euren trastelekuetan jasandako lapurreten ondorioz. Mota orotako objektuak ostu zizkietela salatu zuten: bizikletak, elikagai-potoak, botilak, erremintak, maletak eta abar. Halaber, beste pertsona batek Bilboko San Inazio auzoko trasteleku batetik jantzi ugari lapurtu zizkiotela salatu zuen; guztira, 240.000 euro balio zuten.

Lapurretak jazo ziren tokietan aurkitutako frogak aztertuta, lapurreten egilea edo gertakarietan nahasitako pertsona bat zetorren, bai jardunbidean bai utzitako arrastoetan. Kasuaz arduratutako agenteek lapurra identifikatzeko egindako ikerketen ondorioz, 20 urteko Bilboko gizonezko bati leporatu zizkioten gertakariak, eta susmagarria atzo goizean atxilotu zuten bere etxebizitzan.

Bestalde, gaur goizaldean, Ertzaintzak 20 eta 21 urteko bi gazte atxilotu ditu Alonsotegiko Lasao kaleko garaje eta trastelekuetan lapurtzen saiatzeagatik. 1:30ak aldera, auzokide batek Ertzaintza ohartarazi du, hiru pertsona susmagarri auzo-garaje batean sartu direlako. Lapurtzera zihoazela iritzita, hainbat patruila bertaratu dira eta hainbat ibilgailu eta trasteleku indarrez zabalduta zeudela egiaztatu dute.

Agenteak zeudela ohartzerakoan, susmagarrietako bi garajeetatik korrika ihes egiten saiatu dira, baina atxilotu dituzte. Hirugarrenak, ordea, auto batean alde egitea lortu du, agenteen aginduei jaramonik egin gabe; gainera, ertzainak alderatu behar izan dira autoak harrapa ez zitzan.

Agenteek atzemandako bi gazteak arakatu dituzte eta zenbait giltza ingeles eta bihurkin atzeman dizkiete, lapurreta egiteko erabilitakoak. Bi gazteak epailearen esku jarriko dituzte datozen orduotan, eta Ertzaintzak gertakarian nahasitako hirugarren pertsona non dagoen ikertzen jarraitzen du.