EUSKADI.-Hiru pertsona atxilotu dituzte Lezon (Giupuzkoa), haietako bat adingabea, supermerkatu batean lapurtzeagatik

Actualizado: martes, 5 mayo 2009 16:10

DONOSTIA, 5 May. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek hiru gizonezko (bi 18 urtekoak eta 17 urteko adingabeko bat) atxilotu dituzte gaur goizaldean Lezon (Gipuzkoa), indarra erabiliz egindako ustezko lapurreta delitu bat leporatuta. Ustez, dendako erakusleihoaren kristala estolda baten taparekin apurtu eta supermerkatuko diru-kutxa lapurtu dute, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez.

Gaur goizaldean, 4:00ak pasatxo zirenean, Ertzaintzak Lezoko supermerkatu batean ustez jazo berri zen lapurreta baten inguruko abisua jaso du. Eman dioten informazioaren arabera, lapurrek estolda bateko taparekin dendako erakusleihoa hautsi eta barrura sartu omen ziren lapurtzeko asmoz.

Berehala bertaratu dira hainbat patruila lapurretaren egileak (ustez hiru pertsona) aurkitu eta harrapatzeko. Agenteek inguruetatik bilatu dituzte eta Goiko Plazan aurkitu dituzte hiru gizonezko korrika ezkutatu nahian. Han bertan, elizako ate ondoan topatu dute ertzainek dendatik ostutako diru-kutxa.

Hiru susmagarriak atxilotu egin dituzte lapurretarekin zerikusia izan zezaketelakoan. 17 urteko adingabea aske geratu da bere legezko tutoreen zaintzapean, eta beste bi atxilotuak, aldiz, gaur bertan jarriko dituzte epailearen esku.