BILBO 10 Mar. (EUROPA PRESS) -
Getxon (Bizkaia) hondakinen 32.600 tona inguru sortu ziren 2009. urtean, hau da, aurreko urtean baino 3.000 tona gutxiago. Getxoko Udaleko Ingurumen Sailak birziklapenerako gaikako material-bilketari buruz kaleratutako balantzean jasotzen denez, pasa den urteari dagokion kopurutik, 25.500 tona pasatxo, birziklatzekoak ez diren hondakinak izan ziren.
Birziklatutako material kopurua -besteak beste, paper, beira, ontziki, pila, aparailu elektriko (elektratresna, telebista, ordenagailu), ehun, tamaina handiko eta obretako hondakinak-, 7.000 tonatik gorakoa izan zen, aurreko ekitaldikoaren antzeko kopurua, alegia, soilik %0,36ko igoera izan baitu.
Horrela Keltse Eiguren Ingurumen Saileko zinegotziak nabarmendu du birziklatzeko ahalmenak Getxon %3 egin duela gora 2008koaren aldean, udalerrian batutako hondakinen %23 birziklatu baitzen, 2008ko %20aren aurrean. "Birziklatzeko gaitasunean izandako %3ko hazkunde hau begi-bistakoa ez dela dirudien arren, uste dugu nabarmentzekoa dela, getxotarren arduraren eta hauek egindako ahaleginaren emaitza baita", esan du.
Birziklatutako materialen atalari dagokionez, hauek, oro har, 2008ko antzeko balore edo kopuruetan mantendu ziren. Zatirik handiena paper-kartoiarena izan zen, 3.100 tona batu baitziren. Honen ondotik dator beira, 1.600 tonarekin, eta ontziak, 987 tonarekin. Hondakin handiak eta obretako hondakinak, bien artean, 1.000 tonatik gora batu zuten. Arropatan 249 tona bildu ziren eta pila eta fluoreszentetan zortzi tonak gainditu ziren. Azkenik, 548 tona hondakin elektroniko eta elektriko batu ziren, hau da, 2008an baino ia %21 gutxiago.
Bestalde, aurreko urteetan bezala, Getxoko Udalak diptiko bat prestatu du 2009ko birziklapenerako gaikako material-bilketaren inguruko datu guztiekin, horiei azkenean ematen zaien erabileraren gaineko azalpenak ere jasotzen dituela. Esku-orria etxe, ikastetxe eta udal bulegoetara bidali da.
"Ekimen honen bitartez, Ingurumen Arloak, birziklatzeko getxotarrak egiten ari diren ahalegin garrantzitsua eta ingurumenari egiten dioten mesedea ezagutzera eman eta txalotzea nahi du, gainontzeko herritarrei jarduera ekologiko hau zein ona den ohartaraztearekin batera", adierazi du Eigurenek.