EUSKADI.-Idoia Beratarbideren "Cassamance Likine" pintura erakusketa inauguratuko da bihar Ondarroan (Bizkaia)

Actualizado: jueves, 5 marzo 2009 10:52

BILBO, 5 Mar. (EUROPA PRESS) -

Martxoaren 8an ospatzen den Emakumeen Nazioarteko Egunaren inguruko egitarauari hasiera emateko, bihar, 19:00etan, Idoia Beratarbideren "Cassamance Likine" ('Cassamancen bizi naiz') pintura erakusketaren inaugurazioa egingo da Ondarroako (Bizkaia) Kofradia Zaharreko lehenengo solairuan. Erakusketa martxoaren 22ra arte egongo da ikusgai, 18:00etatik 20:00etara aste barruan, eta 12:00etatik 14:00etara larunbat eta igandeetan.

Ondarroako Emakumeen Berdintasunerako Udal Kontseiluak antolatzen duen ekimen honetan egileak berak azalduko du bere lana. Gainera, Cassamanceri (Afrika) buruzko proiektuaren inguruko dokumental bat ikusteko aukera izango da bertan, antolakuntzak jakinarazi duenez.

Formatu ertaineko 16 koadrok osatzen dute erakusketa, teknika mistoan eginak. Bertan Cassamancen ezagututako emakumeen erretratuak dira nagusi. Koadroen helburua protagonisten aurpegia baino haien begiradak harrapatzea da, beren bizipenek islatzen dituzten begiak, oroitzapenak, borrokak, itxaropenak.

Mikelazulo kultur elkartea bi aldiz egon da Cassamancen Diola kulturako eragile kultural eta sozialekin elkarlanean. Mikelazulok Cassamanceko hainbat herritan egindako proiektua sormenean oinarritua izan da batik bat (ikuskizun bat, hango eragile kulturalen lana ezagutu eta ezagutzera eman, lantegiak eskoletan...) eta horrekin batera urteetan zehar mantendu diren harremanak eta zubiak eraiki dira.

Horri esker Euskal Herritik beste hainbat proiektu bultzatzea da helburua, beti ere herri mailatik, ahal den neurrian harreman zuzenetatik, bitartekaririk gabe. Cassamanceko herriak urte asko daramatza bere kultura propioaren, bere hizkuntzaren, bere existitzeko eskubidearen aldeko borrokan, eta Euskal Herritik elkartasuna adieraztea da helburua.

Horren guztiaren haritik sortu zen 2008ko bidaian Cassamanceko emakumeekin lan egiteko proposamena. Oussouye edo Djenbereng bezalako herrietan emakumeak oso ondo antolatuta daude, eta haien proiektuak babestu eta garatzen laguntzea da helburua ekimen honekin.