EUSKADI.-Ikus-entzunezkoen Klusterrak hirugarrenez abiatu du EikenBANK, enpresen eta gazte sortzaileen arteko topaketa sustatzeko

Actualizado: viernes, 12 febrero 2010 14:01

BILBO, 12 Feb. (EUROPA PRESS) -

Eiken Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterrak hirugarren urtez jarraian jarri du abian "Euskadiko talentu ez-profesionalaren erakusleihorik handiena": EikenBANK. Berziki ikasle gazteentzat eginiko ekimenak "harreman zuzena" bermatzen du prestatzen ari den talentuaren eta sektoreko enpresen artean. Hartara, bi taldeek jaso ditzakete sorkuntza prozesuaren onurak, Eikeneko arduradunek nabarmendu dutenez.

Aurreko bi aldietan egin izan den bezala, datozen asteetan EikenBANKeko arduradunek aurkezpenen egitarau zabala hasiko dute prestakuntza zentroetan, zinema eskoletan eta unibertsitateetan. Hitzaldi nagusia Eikeneko zuzendari Itziar Menak emango du, ikus-entzunezkoen arloko profesionalen unean uneko lankidetzarekin.

Hitzaldi horien helburua, programan parte hartzeko hautagai nagusiak diren gazteen artean mila lagun baino gehiago elkartzea eta beren ideiak www.eikenbank.com web-orrian jartzea da.

EikenBANK programak 4.000 euroko saria dauka ideia onenarentzat eta, horrez gain, herrialdeko ekoizpen-etxe nagusietako batean ideia garatzeko eta, ondoren, emateko aukera eskainiko dio. Era berean, proiektuaz arduratzen den pertsonak prestakuntza beka bat jasoko du, lau hilabetez lana egiteko ekoizpen-etxe horretan. Gainerako finalistek ere 'face to face' topaketak izango dituzte programan laguntzen duten enpresekin, eta horrela, gazteen eta enpresen arteko elkarrekintza bermatuko da.

Programaren arrakastak aurreko bi aldietan hazten joan den parte-hartzearen bermea du. EikenBANKeko lehen aldian, 2008an, 27 proiektu aurkeztu ziren, eta 2009an, berriz, kopurua 55era iritsi zen. Programaren arduradunek, emaitzak ikusita eta aurkeztutako hainbat proiektu ekoizpenaren arloan islatu direla jakinda, aurten ere parte-hartzaileen kopurua areagotzea espero dute.

FUNTZIONAMENDUA

Aurreko aldietan bezala, programan parte hartu dezakete ikus-entzunezko proiektu originala duten gazteek, baldin eta, lanean edo lankidetzan ez badira ari modu jarraituan sektoreko enpresetan eta edukien arloan. Programaren oinarriak eta prozedura osoa webgune batean jasota daude, eta horren bidez egituratzen da, hain zuzen, ekimen osoa (www.eikenbank.com).

EikenBANKek aukeratu eta sarituko duen proiektua modu profesionalean garatuko du programan parte hartuko duen ekoizpen-etxe batek edo batzuek, eta, azkenean, EiTBk emango du.

EikenBANKen ikus-entzunezko produktuen proiektu, gidoi, maketa zein pilotuak (TBko programak, telesailak, lehiaketak, magazinak edo realitiak, animazioko produktuak, dokumentalak, multimedia produktuak) aurkez daitezke, EikenBANK programaren inprimaki egituratuaren arabera aurkezten baldin badira. Horren harira, programaren arduradunek, batik bat, proiektuen originaltasuna eta bideragarritasuna balioetsiko dituzte. Lanak aurkezteko epea apirilaren 30ean amaituko da.

Eiken Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterrak bultzatutako proiektuan honako enpresa hauek inplikatuko dira: 3Koma, Baleuko, Canal Bizkaia, EiTB, Irusoin, Jarkatza, K2000, Orio Produkzioak eta Pausoka. Horrez gain, erakunde eta administrazio publikoek (Eusko Jaurlaritzaren Kultura Saila, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiak, Bilboko Udala eta BBK Gazte Lanbidean Fundazioa), hezkuntza zentroek (EHU, Mondragon Unibertsitatea, Deustuko Unibertsitatea) eta EAEko zinema eskola guztiek parte hartuko dute.