EUSKADI.-Ikus-entzunezkoen sektoreko euskal enpresa nagusietako batzuk Canneseko MIPCOMen izango dira datorren urrian

Actualizado: viernes, 17 julio 2009 14:36

BILBO, 17 Jul. (EUROPA PRESS) -

Ikus-entzunezkoen edukiak ekoizten dituzten euskal enpresa nagusietako batzuk Canneseko MIPCOM azokan izango dira datorren urrian hirugarren urtez, Basque Audiovisual markaren inguruan bilduta. Produktuen katalogoak Euskadin ekoitzi diren formatu berritzaileenak eta arrakastatsuenak biltzen ditu, besteak beste, denbora-pasarako saioak, dokumentariak eta animazioa, Eiken Ikus-entzunezkoen Klusterreko iturriek gaur jakinarazi dutenez.

Nahiz eta ikus-entzunezkoen sektoreko euskal enpresek azken hamarkadatan nazioarteko merkatu eta azoka nagusietan etengabe parte hartu, Eiken Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterrak bere jarduera indartzea erabaki zuen eta horretarako Basque Audiovisual markan bildutako ikus-entzunezkoen enpresen parte-hartze bateratua sustatu du.

Nazioarteko hainbat hitzordutan izan ondoren, marka sendotu egin da eta aintzatespena lortu du Euskadin egiten den ikus-entzunezko produktuaren ezaugarri gisa. Bestalde, enpresek elkarren artean lankidetzan jarduteko duten gaitasunaren adierazgarri bihurtu da, sektorearen helburu komunak lortu ahal izateko, klusterreko arduradunek azpimarratu dutenez.

Oraingoan, euskal ordezkaritza enpresa hauek osatuko dute oraingoz: 3Koma, Baleuko, Expressive, Flying Apple, MediaBost, Pausoka, Retelsat, Western Films, Somuga, Audiovisual 21, K 2000, Moztu Filmak eta Donostia Films. "Krisialdi honetan, gure asmo nagusia, hain zuzen ere, enpresen nazioartekotzea bultzatzea da, ziurgabetasunik eza nagusi den egoera honi aurre egiteko", azaldu du Eikeneko zuzendari Itziar Menak.

Basque Audiovisualek 39 metro karratuko stand bat izango du Canneseko Palais des Festivals delakoan, Galiziako Ikus-entzunezkoen Klusterrarekin batera, klusterren arteko lankidetzatik sortzen diren aukerak aprobetxatze aldera. MIPTVaren aurreko edizioan bezala, Basque Audiovisualen erakusketa-esparrua ikus-entzunezko teknologiaz hornituta egongo da, enpresen produktuen erakusketa egokia egiteko helburuarekin. Ukimen pantaila bat izango du, formatu handikoa, eta haren bitartez, profesionalek eskura izango dute informazio guztia.

Basque Audiovisual markak, gainera, internet bidezko on-line katalogo komertzial bat du (www.basqueaudiovisual.com), "tresna ezin eraginkorragoa bezero eta lankide potentzialekin aldez aurreko kontaktuak egiteko eta bilerak hitzartzeko, azokak irauten duen bitartean".

Hain zuzen ere, iraila bitartean abian jarriko da sustapen kanpaina bat internet bitartez. Aurkezpen mailing bat bidaliko zaie mundu osoan ikus-entzunezkoen sektorearekin zuzenean harremana duten milaka kontakturi. Horrela, Basque Audiovisualen on-line katalogorako sarbidea bultzatu nahi da, non enpresa bakoitzaren harremanetarako datuak eta lanen aurkezpenak eskuragarri dauden.